June Baonza: "Ama izatea asun pilo batez jositako bidea dela iradokitzen dut erakusketan"

Hasier Larrea 2023ko ots. 20a, 09:15

Argazkia: Itziar Bastarrika.

Diseinatzaile durangarrak Ama ta asunak proiektua aurkeztuko du Kulturateko areto nagusian eguenean, hilak 23; solasaldiaz eta dokumentalaz jantziko du hitzordua, 19:00etan hasita.

Amatasunaren gaineko sei hautu eta bizi-esperientzia batzen ditu June Baonza Pagaldaik (Durango, 1979) Ama ta asunak proiektuan. Gertuko sei emakume elkarrizketatu, bakoitzarekin obra grafiko bat osatu eta euren testigantzekin ikus-entzunezkoa ere landu du. Emakume Txokoaren eskutik, hilaren 23an emango du proiektuaren berri.

Diziplina anitzeko lana aurkeztuko duzu, egun bakarrean; nolatan?

Durangoko Udalak aurkeztutako sortzaileen beka lortu nuen eta obra kontzeptual grafikoa sortzea zen hasierako asmoa. Aukeratu dudan teknika grabatua izan da, nahita, beti ematen baitu akatsen bat; aurreikusi dezakezu nola irtengo den obra, baina ezinezkoa da berdin-berdin errepikatzea. Amatasunaren metaforarekin bat egiten du horrek. Elkarrizketa batzuk egin eta gero, interesgarria iruditu zitzaidan ikus-entzunezko euskarria ere erabiltzea, hizkuntza hori errazago ulertzen delako obra kontzeptual bat baino. Beraz, dokumentala ikusita, erakusketa ikuspegi osatuarekin begiratzea ahalbidetuko dio bisitariari. Hori da egun bakarrera murriztearen arrazoia.

Nolakoak dira grabatu horiek?

Ez dira askotan espero ditugun modukoak, hitz batzuk eta alboan ilustrazio bat edo antzeko zerbait. Esan bezala, grabatu kontzeptualak dira, batzuk beste batzuk baino figuratiboagoak. Grabatu bakoitzean kolore bat nagusitzen da besteen gainetik eta pertsona desberdinekin lotzera eraman ahal gaituzte.

Sei protagonistek badute zurekin zerikusirik?

Nitaz hitz egin nahi nuen, nik daukadan korapiloa askatzeko, baina hirugarren pertsonen bitartez hitz eginda. Sei pertsona horiek nire inguru hurbilean bilatu ditut: hiru ama dira eta beste hiru ez; izan ere, nire ustez, ama ez izatea ere bada hautu bat. Euren bizipenetan ez dago zehazki nik bizi izan dudan ezer, edo bai, baina ez espresuki. Hau da, agian, eurek bizi izan duten guztia ez dut nik bizi izan, baina sentitu izan dutenarekin identifikatzen naiz. Eta publiko orokorrari berdin gerta dakioke, izan gizon edo emakume. Pertsona bakoitzak leku batean edo bestean bere burua ikusteko aukera dauka Ama ta asunak erakusketan.

Amatasunaren kontzeptua asko aldatu da?

Garbi dago amatasuna zoriontasunarekin lotzearen diskurtsoa larregi esplotatuta dagoela. Orain arte saldu diguten diskurtsoa beti izan da: ez kexatu, zaindu, egon, egin zure lana, ez nabarmendu gehiegi... Duela urtetxo batzuk bagabiltza jende bat esanez hau ez dela hain erraza eta hain ideala; alegia, ez dela arrosa-zelai bat, baizik eta asun pilo batek lagundutako bide bat dela. Horri buruz hitz egin gura nuen.

Gai hori politizatzea aldarrikatzen duzu.

Aurkezpenerako testu laburretan beti saiatzen naiz adierazten amatasunaren politizazioa egitea nahi badugu etxe barruan pasatzen dena kalera atera beharra dagoela.

Alabei ere egiten diezu keinu.

Alaba edo emakume bezala gizarteratuak izan garenok zapalkuntza batzuk partekatzen baititugu. Horri lotuta, emakumeok dauzkagun arazoen jatorrietako bat gizarteak gugan jartzen duen espektatibetan oinarritzen da. Beraz, alabatasunetik ere bideratu nahi izan dut lan hau.

Durangoko Arte eta Historiaren Museoan egin zenuen lehen erakusketa; ze iritzi jaso zenituen?

Jaioterrian norberaren lana aurkezteak bere alde on eta txarrak dauzka. 600 lagun inguru pasa ziren, hein batean, kuriositateak bultzatuta, ezagutzen naute eta. Baina kanpotik ere etorri zen jendea. Askok esan didate buruari eragiteko balio izan diela eta ez duela inor epel uzten. Orduan, hiru aste pasatxoz egon zen ikusgai; ikusiko dugu egun bakarrak zenbaterako ematen duen.

Emakume Txokoko saio batzuk, irekita

2023ko otsailetik ekainera arteko plangintza kaleratu zuen urtarril bukaeran Emakume Txokoak, guztira hamabost ikastaro eta tailerretan izena emateko aukera eskainita. Aurten ere harrera arrakastatsua izan dutela adierazi du Ester Lizarralde dinamizatzaileak, "saio gehienak, ia guztiak", atera baitituzte aurrera. Gainera, oraindik izena emateko aukera dago Nola hitz egin jendaurrean? ikastaroan eta martxoaren 4an izango den Hizkuntzaren erabilera feminismoan tailerrean. Aste Santu ostekoei begira, beste horrenbeste gertatzen da Betaurreko binarioak apurtzen: aniztasunaz jabetzen eta Bizi-eredu berrien eta zahartzaro komunitario baten bila tailerrekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak