Mozambikera eta Indiara iritsiko da oihartzuna ostiralean

Hasier Larrea 2023ko ots. 16a, 09:11

Goikobalu abesbatzakoak parrokian, Harremanek antolatutako kontzertu solidarioetako batean.

Goikobaluk eta AGAk kontzertu solidarioa egingo dute San Juan Bataiatzailearen parrokian bihar, ostirala, 20:00etan hasita, Harreman elkarteak antolatuta; gobernuz kanpoko erakunde horren bi ekimen ezagutu eta laguntzeko aukera izango dute entzuleek.

Urtero sustatu ohi du Arrasateko Harreman elkarteak San Juan Bataiatzailea parrokian kontzertu solidarioa, herriko zenbait kantu-talderen parte-hartzearekin. Aurten, Arrasateko Gazte Abesbatzak eta Goikobaluren abesbatza nagusiak eta txikiak eskainiko dituzte kantu koralak. "Benetan estimatzekoa da koru hauek erakusten duten prestutasuna; oraingoan ere euren errepertorio onena entzun ahal izango dugu, arretaz landutakoa", adierazi du Cristina Etxenausiak, Harreman elkarteko kideak.

"Etorkizun duinagoen alde"

Emanaldia herritar eta erakunde orori eskainitakoa dela nabarmendu du Etxenausiak: "Mota guztietako ezbeharrak pairatzen dituzten eta premia larriko egoerak bizi dituzten pertsonen egoerak azalduko ditugu; bereziki, Mozambiken eta Indian dauzkagun proiektuetako kideenak. Jendea animatu nahi dugu egitasmo horiek sostengatzera, bazkide edo laguntzaile gisa parte hartuz".

Lehenengoa herrialdeko nekazaritza ekoizpena hobetu eta areagotzean datza, nekazarien bizi kalitatea hobetzeko. Mundukide Fundazioko Beñat Arzadunek 20 urte baino gehiago daramatza Mozambikeko lurretatik bizi direnekin elkarlanean, "miseriatik pobreziara igaro daitezen"; Harremanek bere aletxoa jartzen du egiteko horretan, bazkideak kaptatuz, besteak beste.

MOZAMBIKEKO NEKAZARIEI ETA INDIAKO HAURREI LAGUNTZA EMATEA DA HELBURU NAGUSIA

Azalduko duten bigarren proiektua Ankur harrera-etxeari lotutakoa da. Indiako Bombay hirian dago eta, familia oso txiroetako 200 haur baino gehiago artatu eta elikatzeaz gain, etorkizunerako prestatzea du helburu, bizitza duina izateko beharrezkoak dituzten ikasketak ziurtatzeko.

Egoera larriagoan

Pandemiak bi proiektuetako onuradunak "kalteberago" bihurtu dituela ohartarazi du Harremaneko kideak. Kikiltzetik urrun, ekarpen ekonomikoek "behartsuenei laguntzeko jarduerak lantzen eta antolatzen jarraitzera" animatzen dituztela dio. Gainera, "jarraipen zorrotza" egiten diote jasotako funtsen erabilerari eta zuzenean proiektuetara doazela ziurtatzen dute, bitartekariak eta egitura-gastuak saihestuta: "Harremanen gaudenak boluntarioak gara, mundu bidezkoago, jasangarriago eta justuagoa lortzeko beste asmorik gabe". Gardentasunaren aldetik, urtero egiten dute proiektuetako alderdi guztien "deskargu publiko eta zehatza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak