"Torturaren itzalpeko galderei" erantzuteko garaia dela aldarrikatu du Sortuk

Hasier Larrea 2023ko ots. 13a, 09:43

Gaur, otsailak 13, torturaren aurkako eguna da, 1981eko otsailaren 13an hil baitzen Joxe Arregi, Madrilgo Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusian Polizia Nazionalaren torturak jasan eta gero. Arrasateko Sortuk ekimen sinbolikoa egin du Seber Altube plazan: plastiko beltzez estalitako 111 aulki jarri dituzte, herrian dokumentatutako 111 tortura kasuak salatzeko.

Sortu erakundeak aurtengo otsailaren 13a "testuinguru berezi batean" iritsi dela adierazi du: "Lehenengoz, Nafarroa Garaian 1960tik aurrera izandako tortura-kasuen errealitate gordina azalarazi du Kriminologiaren Euskal Institutuak urtarrilean argitaratutako txostenak. Ikerketa horri eta 2017an argitaratutako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txostenari esker, Euskal Herriko azken 60-70 urtetako torturen lehenengo argazki bat daukagu: 5.633 tortura kasu baino gehiago jaso dira. Hala ere, badakigu tortura jendeak isilpean gorde duen sufrimendu bat dela, gaiaren inguruan egon den tabu eta kriminalizazioaren ondorioz. Gainera, haietako askoren testigantzak ezingo ditugu jaso ere egin, hilda daudelako jadanik".

Testigantza eta zifra horiek tortura eta egia aitortzen hasteko oinarri bat jarri dutela diote Sortutik: "Lortu dugu tortura isilpetik argira ateratzea, eta errealitate ukaezin bat izan dela frogatzea. Orain, zenbaki instituzional horiek izanda, galdera berriak egiteko garaia da, egia aitortu eta ez errepikatzeko bermeak jartzeko: Nork torturatu du? Non? Noiz? Zergatik? Zertarako?".

"Asko dago egiteko oraindik"

Espainiako eta EHko komisaria eta kuarteletan torturak "kolore guztietako poliziek" eragin dituztela salatu du Sortuk : "Tortura gatazka politiko baten testuinguruan praktikatu dute, modu planifikatu batean egin ere. Alegia, tortura sistematikoa izan da Espainiako Estatuan, eta helburu argi bat izan du: euskal disidentzia politikoa isilaraztea eta zapaltzea. Horren atzean erantzukizun eta erantzule politikoak daude: torturak praktikatu dituztenak eta hori ahalbidetu dutenak".

Memoria oso bat eta elkarbizitza sendo bat eraikitzeko bidea oraindik luzea dela aipatu dute: "Besteak beste, aitortza sozial, politiko eta instituzionala falta da. Bide horretan, torturatuen lana eta jarrera aktiboa funtsezkoa izan da; pasa den larunbatean Donostian egindako
agerraldia da horren isla. Euren eskubideak aldarrikatzeko eta auzia itzalpetik argira ateratzeko lan handia egiten ari dira, eta hori aitortu eta eskertu nahi diegu".

"Guztion bultzada" funtsezkotzat jo dute "erantzuteko dauden galderei, aitortzaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermeen bidean".  Zehazki,  Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroa Garaiko Gobernuari egin diete dei, "dagozkien erantzukizunak euren gain hartzeko eta eragindako mina aitortzeko, hori baita auzi honi aterabide justu eta demokratiko bat emateko egin dezaketen ekarpen egokiena".

Donostian, zapatuan, tortura sufritu duten kide ugariren talde argazkia (Argazkia: Karpeta Urdinak).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak