Lehen pentagramako lehenengo notak gogora

Hasier Larrea 2023ko ots. 11a, 08:57

Mertxe Madinabeitia, Maria Pilar Etxebeste eta Miren Gastañares, iazko Arrasate Blues jaialdian jasotako aitortzan.

Arrasate Musikalek jarraipena emango die 50. urteurreneko ekitaldiei datorren eguaztenean, musika eskolaren hastapenak gogora ekarrita. 1972an irakasten eta ikasten hasi ziren bederatzi lagunek berba egingo dute Kulturaten, 18:30ean.

Gipuzkoako lehen musika akademia izan zen Arrasate Musikal. Mankomunitatea eta Udaltzaingoaren egoitza dauden eraikinean eman zituzten lehen eskolak Piano ikasketen titulua zeukaten bederatzi maistrak. Horietako hiru dira Mertxe Madinabeitia, Maria Pilar Etxebeste eta Miren Gastañares. Euren aurpegia ezaguna egingo zaie bati baino gehiagori, uztailean omenaldia jaso baitzuten Arrasate Blues jaialdiaren partetik, urte askoan herriko ehunka laguni musika irakasteagatik.

Bada, berriro irtengo dira jendaurrera otsailaren 15ean; kasu horretan, duela mende erdiko kontuak partekatzeko. Kulturateko areto nagusiko oholtzak baimentzen badu, orduko beste lau irakaslerekin eta bi ikaslerekin batera mintzatuko dira. Zehazki, Arantza Alonso, Jesusi Etxeberria, Libe Mendizabal eta Charo Gómez irakasle ohiekin eta Luis Usatorre eta Javier Egidazu ikasle ohiekin batera.

Arrasate Musikalen lehen eraikina.

Udal Bandaren etenetik

Gogoan dute nola eskaini zieten irakasle lan egiteko aukera. Banda Munizipaleko musikariak joan zitzaizkien galdezka, eta taldea etenda zegoenez musikari berriak formatzeko gogoa zutela aipatu zieten. "Batzuk ezkonduta geundenez, ez genuen ordainpeko lanik egiten, eta gustatu egin zitzaigun proposamena; musika irakasten jakin gabe eman genuen baiezkoa; solfeoarekin hasi ginen, eta ondoren sartu ziren pianoa, biolina, gitarra eta halako tresnak", azaldu du Etxebestek.

Irakasleei taloien bidez ordaintzen zieten eta lehen hamabost urteetan Gizarte Segurantzan alta eman gabe aritu ziren. "1987 inguruan, irakasle gazteagoak sartu zirenean, Gizarte Segurantzan sartzeagatik borrokatu ginen denok. ELAra afiliatu ginen eta abokatu batek paperak egin eta bidea erakutsi zigun; orduan jaso genuen lehenengo kontratua eta, goizez eta arratsaldez lan egin ordez, 15:00etatik 21:00ak arteko ordutegi finkoa ezarri ziguten", azaldu du Gastañaresek.

Azken orduan izaten ziren eskoletara helduak ere joaten zirela nabarmendu du: "Ohikoa zen aita eta semea talde berean egotea; nik pianoa jotzen nien, denek batera abesteko".

IRAKASLEEK SARRI JASOTZEN ZITUZTEN OPARIAK ETA IKASLEEK BIDAIAK EGITEN ZITUZTEN

Oroitzapen onak

Lehen urteetan solfeoko azterketak Donostiako Kontserbatorioan egin behar izaten zituzten, baina, "ikasle asko" joaten zirenez, Kontserbatorioko irakasleak hasi ziren Arrasatera etortzen. "Eta, azkenerako, guri utzi ziguten ikasleak etsaminatzen; hala, baimena geneukan oinarrizko graduko tituluak banatzeko", aipatu du Etxebestek.

Eskubide horretaz eta beste abantaila ugariz gozatu zuten 70eko eta 80ko hamarkaden artean. "Luis Sagasta presidenteak ezagutzen zituen europar musikarien ordezkariak, eta goi-mailako piano-jotzaileak ekarri ahal izan zituen Gurea eta Amaia antzokietara. Arrasate Musikaleko bazkideoi beherapena egiten ziguten kontzertuen sarreretan", dio Gastañaresek.

Madinabeitiak "maitasun handia" jaso izan du ikasleen aldetik: "Sarri oparitu zizkidaten bonboi-kaxak eta antzekoak; behin, 75ean, 47.000 pezetako portzelanazko figurak ekarri zizkidaten Napolitik!".

Orkestrarekin bidaiak

Ikasleen testigantzak ere entzun ahalko dira solasaldian; egungo presidente den Luis Usatorrerenak, esaterako. 8 urte ingururekin eman zuen izena. Solfeo eskola eta azterketak nahiko gogorrak zirela esan du, baina, biolina ikasten hasi zenean, orkestrarako ateak zabaldu zitzaizkion: "Ikasturte bukaerako kontzertua izaten zen orkestraren hastapenetako ekitaldi nagusia.

Oso orkestra gazte gutxi zeudenez, inguruko herrietan eta kanpoko hirietan ere aritu ginen emanaldiak egiten; adibidez, Madrilgo Kontserbatorioaren 150. urtemugako ospakizunetan jo genuen. Uda batean, orkestrak irabazitako diruarekin ikas bidaia egin genuen Europan zehar; 18 urte neuzkan eta Parisen, Londresen eta Edinburgon egon ginen musika klasikoko kontzertuak entzuten".

Bistan da musika eskolaren bidez bizi izandakoek ematen dutela berriketaldi interesgarri baterako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak