Ixa Rodriguez: "Sarrera ona espero dut Uarkapen, boxeo gosea dago"

Xabier Urtzelai 2023ko ots. 10a, 20:00

Ixa Rodriguez.

Otsailaren 25erako jaialdia antolatu dute Arrasateko Uarkape pilotalekuan eta ringera igoko dira lau boxeolari debagoiendar. Jaialdia antolatzen dabilen Ixa Rodriguezekin izan da GOIENA. 

Hamarkadak dira Arrasaten boxeo jaialdirik antolatu ez dela, baina askok izango dute oraindik gogoan 90eko hamarkadan Musakolako kiroldegian antolatzen zituzten jaialdiak. Eta, horrekin batera, herrian boxeolari handiak egon dira: Galan anaiak eta Antonio Caballero, erreferenteak. Orain, Arrasate Box kirol klubeko Ixa Rodriguez buru-belarri dabil lanean otsailaren 25eko boxeo jaialdia borobila izan dadin.

Zelan sortu da Arrasaten boxeo jaialdia antolatzeko ideia?

Iazko udan Bergarako pilotalekuan antolatu genuen halako jaialdi bat eta oso gustura geratu ginen, jende asko etorri zen eta arrakastatsua izan zen. Eta espero dugu otsailaren 25erako Uarkapeko harmailetan ere giro ona egotea [sarrerak salgai daude Iluntz tabernan edota 676 86 69 22 telefono zenbakian]. Debagoienean sumatzen dut boxeo gogoz dagoela jendea.

Soraluzen duzue Sorabox taldea eta Arrasate Box sortu duzue, Erguingo Herri Eskolan ematen dituzu eskolak.

Halaxe da. Arrasatera etorri nintzen duela urte batzuk, Emakume Txokoaren bitartez, emakumezkoekin boxeo eskolak ematera, eta, egun, Soraboxekin batera Arrasate Box ere zabaldu dugu. Boxeo ikastaroak ematen ditut bertan eta jendea Soraluzera ere etortzen da entrenatzera.

Uarkapeko jaialdirako sarrera erosten duenak zer ikusiko du?

Jaialdia 18:00etan hasiko da eta pisaketa Iluntz tabernan egingo dugu, 15:00etan. Guztira, hamar borrokaldi egingo ditugu eta horietako sei Gipuzkoako Txapelketako finalak izango dira. Bergaran boxeolariek oso maila polita erakutsi zuten eta jendea gustura geratu zen.

Tartean egongo dira, baita ere, Debagoieneko boxeolariak...

Halaxe da. Arrasateko Yassine Bouchaar, Aretxabaletako Xabier Zugasti eta Bergarako Josu Zalakain eta Andoni Kortabarria ringera igoko dira.

Zurekin entrenatzen dabiltza denak?

Bai. Bakoitzak bide propioa egin du. Euretako batzuk boxeoan hasi ziren kirol jarduera berri bat probatzeko; eskoletan parte hartzen hasi ziren eta ondoren erabaki dute txapelketetan hastea. Yassineren kasuan, esaterako, hasieratik oso garbi zeukan lehiatu gura zuela.

Alde handia egongo da eskolak hartzearen eta ring batera igotzearen artean...

Alde handiena dago, bereziki, boxeoari ematen diozun lehentasunean. Hau da, eskolak hartzera datorrena kirola egitera dator, ondo pasatzera, ikastera eta egunerokoa tartez batez ahaztera. Baina ring batera igo nahi duenak lehentasun handia eman behar dio boxeoari, ondo prestatu behar du gauzak behar den moduan egiteko, eta horrek denbora eskatzen du.

Min hartzeko prest ere egon behar duzu...

Emakumezkoen kasuan, oso zaila da boxeo borrokaldi batean min hartzea. Nik sekula ez dut minik hartu eta 80 borrokaldi egingo nituen. Baina Josu Lopategi entrenatzaileak oso ondo zaindu ninduen eta nik ere nire boxeolariak ondo zaintzen ditut. Egia da, nire kasuan, 48 kiloko emakumezkoen borrokaldietan boxeolariok ez dugula indar handirik izaten eta zaila izaten dela min hartzea. 54 kiloko emakumezkoen kategorian, berriz, boxeolariak indar handiagoa izaten du eta hor posible da min handiagoa hartzea, bai. Eta bai, gizonezkoen kasua bestelakoa da; hor boxeolariek min egiteko adinako indarra izaten dute.

Boxeo jaialdian ez dago Arrasate Box taldeko neskarik?

Ez; emakumezkoen borrokak izango dira, baina ez dago taldekiderik. Arrasate Boxen gehiengoa emakumezkoak gara, baina... Jendeak gehiago hartzen du kirol jarduera moduan, boxeoa praktikatzea oso osasuntsua delako. Ringera igotzeko beste jauzi bat eman behar da.

Zuk eman zenuen jauzia duela hamarkada bat pasatxo, Espainiako txapeldun ere izan zinen...

Bai; 2015ean izan nintzen Espainiako txapeldun eta urtebete lehenago zilarra jantzi nuen. Eta Euskadiko Txapelketa lautan irabazi nuen.

Pandemian erabaki zenuen boxeoa uztea... Sumatzen duzu hutsunea?

Ez, bat ere ez. Tira, duelua pasa behar izan dut, hori ere halaxe da, baina ez ditut boxeo borrokaldiak faltan igartzen. Utzi aurretik entrenatzailea poliki-poliki ni prestatzen joan zen, ikusten zuelako azken borrokaldiak geratzen zitzaizkidala. Eta pandemia etorri zenean derrigor utzi behar izan nuen; etena egin genuen hor eta ikusi nuen ez nintzela gehiago borrokatuko. Beti diot pandemiagatik boxeolari on asko galdu ditugula.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak