Maider Morras Azpiazu (Arrasate, 1976) abokatua da formazioz eta ofizioz. Zuzenbidean lizentziatua da, eta Bitartekaritza Familiarreko Gradu-ondoa burutu zuen 2004-2005 ikasturtean, biak ala biak UPV-EHUn. Eta lan horretan dihardu ordutik. Mondragon korporazioan bi urteko ibilbidea egin ostean, Bitart abokatu bulegoa sortu zuen Arrasaten, eta gaur-gaurkoz abokatu eta bitartekaritza zerbitzuak eskaintzen ditu. Halaber, EHUko Zuzenbide Fakultatean irakasle ere izan da hainbat ikasgaitan.
Esperientzia politikoari dagokionez, 2011-2015 agintaldian zinegotzi eta Udal Gobernuko bozeramale eta Berdintasun saileko arduradun izan zen Bildurekin. 2019-2023 agintaldian, EH Bilduren bozeramaile gisa dihardu.
Lantaldea osatzeko lanetan
Zerrendaburuarekin batera, lantalde osoaren diseinu eta harreman lanetan ari da Arrasateko EH Bildu. "Eraldaketa, eraikuntza, elkarlana eta ezkerreko politikak oinarri hartuta, EH Bildu gisa ezaugarritu gaituzten eta indartu nahi ditugun egiteko moduak errotu eta jauzi bat emateko prestatzen ari gara", adierazi dute.
Hala, datozen egunetan emango dute prozesu horretako hurrengo hitzorduaren berri.