Mankomunitateko aurrekontua atzera bota du oposizioak

Eneko Azkarate Laspiur 2023ko ots. 3a, 08:00

Debagoieneko Mankomunitatearen egoitza, Arrasaten.

Debagoieneko Mankomunitateak ezin izan du 2023ko aurrekontua onartu, erakundean nagusitasuna EH Bilduk izan arren –zortzi ordezkari– oposizioko bi alderdietako ordezkariek ez dutelako babestu –EAJk sei ditu eta PSE-EEk bat–.

Astelehenean egin zuten aurrekontua onartzeko Gobernu batzordea ­–aldeko bederatzi boto behar dira– . Eskualdeko herri guztietako hamabost ordezkari daude Mankomunitatean. Bozketan ez ziren egon Eskoriatzako ordezkaria –EAJkoa– eta ezta Leintz Gatzagako Udalekoa ere, independentea. EH Bilduk ezin izan zuen aurrera atera proposatutako aurrekontua: 12.885.823 eurokoa. Zortzi boto izan zituen alde: Bergarako eta Oñatiko hiruna ordezkariena eta Elgeta eta Antzuolako banarena; eta beste bost kontra: Arrasateko hiru ordezkariena –bi EAJrena eta beste bat PSE-EErena– eta Aretxabaletakoarena. Ondorioz, 2022ko aurrekontua luzatu egin behar izan du Mankomunitateak: 13.278.000 eurokoa. Aurreko urtekoa baino aurrekontu txikiagoa proposatzen zuen EH Bilduk, "inbertsio batzuk jaitsita" eta hiri hondakinen bilketa zerbitzuaren gaineko "kontratu berriaren igoerarekin".

Hauteskundeen usainean

EH Bilduk hauteskundeen testuinguruan kokatu du EAJren eta PSE-EEren ezezkoa. "Herritarrentzat beharrezkoak diren zerbitzuak eskaintzeko oztopoak jartzea hauteskundeak gertu daudelako da", dio. Edozelan ere, aurrekontua ez onartuta ere, EH Bilduren esanetan "eskualdeko herritarrek merezi duten zerbitzua jaso dezaten beharrezkoa den ahalegina egingo du Mankomunitateak, horretarako, 2022ko aurrekontu luzatua eta gerakineko baliabideak bideratuta, zerbitzua bermatzeko".

Buruzagitza postua "nahieran"

Debagoieneko EAJk azaldu egin du ezezko botoa. EH Bilduri leporatu dio "buruzagitza postu bat nahieran kontratatzea eta Mankomunitatearen etorkizuna hipotekatzea". Eta zera gehitu du: "Giza baliabideak arrazionalizatzeko plan bat egiten ari dira lanpostu berri bat sortzeko eta EH Bilduko pertsona bati emateko". Eta gaineratu du ez dela onargarria legegintzaldia amaitzeko lau hilabeteren faltan horrelako plan bat onartzea, erabaki horrek Mankomunitatearen funtzionamendua "aldatzen" duela eta "haren etorkizuna hipotekatzen" duela iritzita.

EH Bilduk aipatu du kontu horrek ez daukala zerikusirik aurrekontuekin.

Bost proposamenetik lau onartu

Bestalde, jeltzaleek adierazi dute Mankomunitateko aurrekontuari zuzenketa batzuk aurkeztu dizkiotela, eskualdeko bizi-kalitatea hobetzeko asmoz: energia-planeko ekintzak sustatzeko 20.000 euroko partida; eskualdeko kirol kluben elkartegintzari buruzko prestakuntzarako 17.000 euro eta Kirol Sariak antolatzeko beste 18.000 euro; Gizarte Zerbitzuen mapa ezartzeko 30.000 euroko partida; eta udako turismo bulegoa ibiltaria izatea.

EH Bilduk, bere aldetik, adierazi du EAJk egindako bost proposamenetik lau onatu zituztela. "Arrasateko ordezkariak Ogasun batzordean aurkeztutako aurrekontu zirriborroari egindako 5 proposamenetatik 4 onartuta ere, kontrako botoa eman zuten hauek. Baita Aretxabaletako ordezkariek ere, beste inolako proposamenik egin barik". Kirol Sariak antolatzeko 18.000 euroko partida izan ezik, gainerako lauak onartu zituztela gaineratu du EH Bilduk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak