Aratusteak 2020an ospatu zituzten azkenekoz Arrasaten; modu ofizialean, behintzat. Hiru urte geroago, indarberrituta itzuliko dira, osagai guztiekin. Azkeneko hartan Ipar Koreako armadarena izan zen mozorrorik onena eta, beraz, haiek izango dira aurten pregoia emango dutenak, Iñaki Gurrutxaga Harristi buru dutela. "2021ean ezin izan genuen ezer egin; iaz, herritar asko mozorrotu baziren ere, ofizialki ezin izan genituen Aratusteak ospatu. Aurten, egoera aldatu egin denez, behar bezala ospatuko ditugu eta guri dagokigu pregoia egitea", azaldu du antolatzaile taldeko kideak.
Lehen, antolatzaileek erabakitzen zituzten saridunak nortzuk ziren, baina kexa batzuk jaso zituzten, haien interesen arabera aukeratzen omen zituztelako irabazleak, Harristi-ren esanetan. "Beraz, erabaki genuen kuadrilla onenaren saria irabazten zuena arduratuko zela pregoia emateaz, baita saridunak nortzuk diren erabakitzeaz ere. Modu horretan, lortzen dugu jende gehiagok parte hartzea eta antolakuntzan murgiltzea. Gainera, oso ondo funtzionatu izan du orain arte eta lanak banatzeko ere balio digu. Horrek, era berean, aukera ematen digu antolatzaile taldekooi egunaz behar den moduan gozatzeko".
Bakarlari onenaren saria
Ezer gehiago aurreratu ez badu ere, pregoia eta mozorroa prest dituztela onartu du Harristi-k, eta gaineratu du elkarri lotuta joango direla bi elementu horiek. Hala, otsailaren 18an, zapatua, 12:00etan botako dituzte etxafuegoak eta bost minutu inguruko pregoi laburra egingo dute. "Gehiago ez, jendea aspertu egiten baita". Pregoiarekin, herritarrei Aratusteez disfrutatzeko dei egingo diete, eta, ostean, desfilea abiatuko dute Garibai etorbidean zehar. 13:00etan, sari banaketa egingo dute Herriko Plazan.
Sariei dagokienez, hainbat aldaketa izango dira aurten: batetik, gizonezko eta emakumezko mozorro onenaren ordez, bakarlari onenaren saria egongo da. "Generoarekin lotuta egon daitezkeen arazoak ekiditeko, sari bakarra egongo da aurten eta bakarrik mozorrotuta doazenen artean onena aukeratuko dugu, bereizketarik egin gabe". Horrez gain, honako sari hauek egongo dira: taberna onena, gazte kuadrilla onena, karroza onena eta kuadrilla onena, 2024an pregoia emango duena.
Sarituek, garaikurraz gain, diru kopuru bat ere eskuratuko dute aurten. "Horrekin gura duguna da jendea animatu dadin mozorrotzera eta mozorroa ondo prestatzera".
Bestalde, aurten dagoeneko berandu dela onartu du Harristi-k, baina datorren urterako, tabernei dagokienez, izena emateko epe bat zabalduko dute urtarrilean BAZen. "Bestela, erdiguneko tabernak bakarrik ikusten ditugu eta gerta daiteke, esaterako, Musakolako edo San Andresko taberna batek merezi izatea saria eta sari barik geratzea, ez garelako konturatu".
Sardina-ehorzketa ere bueltan da
Aratusteetako martitzenean, berriz, sardina-ehorzketa egingo dute, SUDC elkarteak antolatuta, azken bi urteetako etenaren ostean. Juan Luis Arkauz elkarteko presidenteak aurreratu duenez, ia bukatuta daukate sardina eta guztia prest dute. Beraz, ohi bezala, Sama Siku taldearen doinuek girotuko dute sardinaren ibilbidea, Mondragon hotelean hasi eta Herriko Plazara, 20:00 inguruan irtenda. "Azken urteetan erantzun ona izan zuen. Beraz, aurten ere ordutegia mantendu egingo dugu", dio Arkauzek.