Sasoiko mantentzeko, bidea urratzen dihardute

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ots. 3a, 13:08

Eguaztenean Aretxabaletako Apotzaga-Etxebarri auzora egin zuten irteera Sasoibidekoek. (Argazkia: Sasoibide).

Sasoibidek askotariko ibilaldiak antolatzen jarraitzen du, bosgarren urtez. Eguaztenetan zein eguenetan egiten dituzte irteerak eta, horiez gain, bestelako zenbait ekintza ere egiten dituzte, osasuntsu mantentzeko.

Taldea egonkortuta daukate dagoeneko, eta parte-hartzaileetako askok haien agendetan ondo gordeta dituzte Sasoibideren irteera egunak. Eguaztenetan, 15:00etan elkartzen dira Biteri plazan (martxotik aurrera, 16:00etan) eta eguenetan, berriz, 10:00etan, leku berean. Aurrez ez da abisatu behar eta hori asko baloratzen dute parte-hartzaileek, Sasoibideko kide Margari Gorrotxategiren esanetan. "Ez dute inolako loturarik eta nahi dutenean etorri daitezke irteeretara, azalpenik eman beharrik gabe", gaineratu du.

Bereziki 55 urtetik gorakoei zuzendutako ekintzak egiten dituzte eta 2022an, esaterako, 72 irteera egin zituzten. "Normalean, ikastetxeek bezala funtzionatzen dugu eta ikasleek oporrak dituztenean guk ere eten egiten ditugu irteerak. Aiton-amona asko etortzen dira eta zaintza lanak ere egin behar izaten dituzte". Hala ere, iaz, irteera berezi batzuk egin zituzten opor garaian, bederatzi, hain zuzen.

Oro har, Arrasate inguruan eta bailaran ibiltzen dira eta ez dute errepikatzen irteerarik. Horrez gain, halere, saiatzen dira kanpoan hainbat irteera eta ekintza kultural egiten. "Iaz, adibidez, Deba-Mutriku ibilbidea egin genuen eta Txillida-Lekun ere izan ginen. Aurten, berrikuntza moduan, Kurtzetxikira joan ginen urtarrilaren 4an eta oso berezia izan zen. Horrelako gauza berriak egiten saiatzen gara eta guztiok gustura hartzen ditugu", dio Gorrotxategik.

Halaber, Bixi-Bizi tailerra ere egiten dute. "Arizmendi Ikastolarekin kolaborazio bat daukagu eta hori aprobetxatuz, galdetu genien ea guretako zerbait egin zezaketen. Oso pozik hartu zuten gure proposamena eta hainbat ekintza egiten ditugu, indarra, oreka edota zoru pelbikoa lantzeko, esaterako. Gainera, gure osasunerako oso mesedegarria da". Hilean behin egiten ditugu saio horiek eta, bestalde, lehen sorospenak ere lantzen dituzte, urtean behin. 

Eguaztenetan, mendira

Hasieran, eguenetan bakarrik egiten zituzten irteerak, baina parte-hartzaileetako batzuek eskaera egin zuten arratsaldeetan irteera batzuk antolatzeko. Hala, eguazten arratsaldeetan ere hasi ziren martxa hartzen. "Pandemian, Arrasateko mendi inguruak gehiago ezagutzen hasi ginen, Anporreta, Kurtzetxiki eta abar, eta proposatu genuen eguaztenetan mendi ibilaldiak egitea", azaldu du Gorrotxategik. Ordutik, eguaztenetan mendira joaten dira, eta "eguenetakoek baino zailtasun gehiago" duten irteerak egiten dituzte.

Gainera, "oso harrera ona" izaten ari dira irteera horiek. "Plazer handia da gure inguruko paraje berriak ezagutzea eta erronka pertsonal moduan ere hartzen dugu. Halaber, talde batua da eta leku berriak ezagutzeko interes handia dute hainbatek. Haien kabuz ere joaten dira irteerak egitera eta gero gurekin egitea proposatzen dute; hori gauza ederra da guretzako".

Datorren astean, Santagedatxera

Otsaileko irteerak dagoeneko aurkeztu dituzte. Datorren astean, adibidez, Santagedatxera joango dira: "Gesalibartik gora dagoen tontor txiki bat da, jende gutxik ezagutzen duena. Batzuek Mariren ispilua ere deitzen diote, harkaitzean zulo bat daukalako, eta oso leku polita da". Gero, Elorrion ere egingo dute ibilaldi bat eta Antoniñara joango dira azken astean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak