Ongizatearen eta zoriontasunaren alde

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko ots. 3a, 12:11

Maitere Larrañaga, Portaloi Kultur elkartearen egoitzaren kanpokaldean.

Portaloi Kultur Elkarteak hemeretzi urte daramatza arrasatearren artean dantza eta kantua sustatzen. Gaur, kantu-jiran irtengo dira kalera; eta bihar, Santa Ageda bezpera denez, Santa Ageda eguneko koplak abestuko dituzte, besteak beste. 

Kulturari ateak zabaltzeko, euskararen arnasgune izateko, arrasatearren ongizatea bermatzeko, kantua eta dantza sustatzeko... Horretarako guztirako sortu zen 2004ean Portaloi Kultur Elkartea. Elkartea osatzen duten gehienak jubilatuak dira eta urtean zehar bi ekintza nagusi egiten dituzte: alde batetik, hileko lehen egubakoitzean kantu-jiran irteten dira; eta, bestetik, dantza ikastaroak antolatzen dituzte. Gaur, otsaileko lehen egubakoitza izanda eta Santa Ageda bezpera bihar dela aintzat hartuta, kantu-jiran irtengo dira eta Santa Agedako koplak abestuko dituzte, beste kantu batzuekin batera.

Maitere Larrañaga Portaloi Kultur Elkarteko kideetako bat da eta herritar guztiak animatu nahi ditu elkartera batu daitezen: "Ez da talde itxia, edonor etorri daiteke gurekin kantuan egitera. Gainera, askotan, musikari baten falta sumatzen dugu". Argi utzi du taldea ez dela abesbatza bat, baizik eta kantuan egitea gustatzen zaion giza taldea.

Dantza eta kantua

Portaloi Kultur Elkartea helburu zehatz baterako sortu zen: arrasatearren zoriontasuna bilatzeko, abestearen eta dantzaren bitartez. Kalejiran kantuan irten baino lehen, entsegu txiki batzuk egiten dituzte taldekide guztiek, kantuak ezagutzen dituztela bermatzeko. Hilean behin ateratzen dira hogeita hamar lagun inguru. Alde horretatik, Larrañagak argi utzi nahi du taldea ez dela itxia: "Zuk kalean abesten ikusten bagaituzu, batu zaitezke taldera eta gurekin abestu. Eta gu pozik". Gaineratu du gustatuko litzaiokeela jende gehiago animatzea kantu-jirara.

Portaloi Kultur Elkartak kantu-jiran musikari baten falta sumatzen du

 

Maite eta aurrera eramaten duten beste ekintza nagusia dantza da. Urte osoan zehar ikastaroak antolatzen dituzte Kulturolan duten egoitzan eta edonor gerturatu daiteke ikastaro horietan parte hartzera. Bi talde daudela azaldu gura izan du Larrañagak. "Badago talde bat maila bat duena, eta musikariak dituzte. Azken urteetan gure irakaslea Patxi Montero izan da eta hark ekartzen zizkigun dantza berriak. Eta gero, hastapeneneko talde bat dago, hutsetik hasteko", esplikatu du. Asko eskertu du dantzaldiak egiteko lokala izatea. Lehen, lokala eduki baino lehen, Udalari espazio bat eskatzen ibiltzen zirela onartu du.

Irteerak

Portaloi Kultur Elkartearen ekintzak ez dira Kulturolara soilik mugatzen. Izan ere, azken urte hauetan, Gernikan, Donostian eta Gasteizen izan dira beste herri eta hiriburu batzuetako kultur elkarteekin batzeko eta batera abesteko. Orain dela bi urte, gainera, Maulen ere izan ziren eta Euskal Herria Kantuz egunean parte hartu zuten.

Ideia berriak

Kantuan eta dantzan egiteaz gain, beste mota bateko egitasmoak bultzatu nahi ditu Portaloi Kultur Elkarteak. Hala, noizbehinka egiten dituzten hitzaldien maiztasuna areagotu egin nahi dutela adierazi du Maitere Larrañagak: "Gutxinaka-gutxinaka, ideia berriak sartzen joatea gustatuko litzaiguke. Egin izan ditugu hitzaldiak eta abar, baina ez da hilabetero eskaini izan dugun ekintza bat". Gaineratu du beste ekintza batzuk egitea pentsatzen ari direla. Bukatzeko, musikari baten falta sumatzen dutela adierazi du Maitere Larrañagak. Noizbehinka izan ohi dute musikari baten laguntza, baina batzuetan ezin du. Horregatik, kantu-jiran irteten diren aldiro musikari bat taldean finko izatea gustatuko litzaiokeela argitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak