Aterkipean landatu dituzte haritzak Etxezarreta inguruan

Hasier Larrea 2023ko urt. 28a, 13:00

Zalantza izan dute mendi aldera abiatu aurretik ea merezi zuen euripean landatzea, baina hogei bat laguneko taldea gogotsu bertaratu denez, "modu sinbolikoan" egokitu dituzte haritz txikiak. Astebarruan landatuko dituzte Udal Brigadakoek falta diren aleak.

10:00etako deialdira hutsik egin gabe agertu dira Musakolako San Isidro plazan zenbait herritar, guraso eta haurrak tarteko. Izan ere, helburu nagusia "landaketekiko sentsibilizazioa sustatzea zen", Udaleko Ingurumen Saileko teknikari Pello Garaik azaldu duenez. Jakinda landaketa bat egiteko egunik onena ez zela, partaide bakoitzak pare bat haritz landatu ditu.

Ale batzuk iaz jarritakoengatik ordezkatu dituzte, izan ere, udan sufritu egin dute zuhaixkek, batzuk ihartzeraino. Etxezarretako ingurua, 83 hektareatakoa guztira, harizti kantauriarrez hornitzeko bidean beste pauso bat eman dute: "Eremu honetan berez jaiotzen dira landare autoktonoak, urritzak eta haritzak, esaterako. Baina guk ere lagundu diezaiokegu naturari, eta halaxe egin dugu gaurkoan", adierazi du Garaik. Gogoratu behar baita Etxezarretak Urkiola eta Aizkorri-Aratz parkeen arteko korridorea osatzen duela.

Hala, programatutakoa baino astebete beranduago izan bada ere, urteroko zuhaitz landaketa herrikoia burutu ahal izan dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak