Ahmed Ouslimani: "Arazoak gainditu eta bizkorrena izan nintzen"

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko urt. 27a, 12:00

Urtarrilaren 15ean Euskadiko Kros Txapelketa irabazi zuen Ahmed Ouslimane arrasatearrak Ortuellan; domekan euskal selekzioaren elastikoa jantziko du lehen aldiz, berriz ere, Ortuellan.

Orain dela urte eta erdi iritsi zen Arrasatera Almeriako Campohermoso herritik. Lagun batek oporretan Euskal Herrira gonbidatu zuen eta txundituta gelditu zen. Laster batean, lagunak Arrasaten lana topatu eta Arrasatera lekualdatu zen. Ahmed Ouslimane (Oulmes, Maroko, 1997) da hura eta Euskadiko Kros Txapelketako txapeldun berria da. Hala ere, ezin izan zen podiumera igo nazionalitate espainiarra ez duelako.

Arrasaten bizi da, baina Durango Kirol taldean dihardu. Pasa den asteburuan, taldearekin aritu zen Donostian eta euskal selekzioaren elastikoa jantzi du lehen aldiz Espainiako Txapelketan lehiatzeko. Hogeita hemezortzigarrena izan zen sailkapenean, eta hamar kilometroak 33 minututan egin zituen.

Lehenik eta behin, zorionak! Euskadiko Kros Txapelketako txapelduna zara; nola zaude?

Oso pozik nago. Ez nuen espero irabaztea, baina, azkenean, arazo guztiak gainditu nituen eta bizkorrena izan nintzen. Eskerrak eman nahi dizkiot nire taldeari eta nire entrenatzaileari nigan konfiantza izateagatik.

Lasterketa oso parekatua izan zen?

Bai; oso lehiatua eta gogorra izan zen. Lokatzez eta urez beteta zegoen dena, eta, gainera, Euskadin maila handiko korrikalariak daude. Jausi egin nintzen momentu batean, baina, azkenean, lasterketa buruan mantendu nintzen bukaerara arte. Aurkariek zail jarri zidaten.

32.02ko marka; espero zenuen?

Egia esan, bai. Aste barruan, arratsaldeetan, gehienbat, asko entrenatzen naiz. Eta Euskadiko krosera momentu onean iritsi nintzen. Beraz, emaitzarekin gustura nago eta esperotakoa da.

Non uste duzu egon zela gakoa?

Amorerik ez ematean. Lasterketa amaitzeko gutxi falta zenean, jausi egin nintzen. Baina segituan jaiki eta borrokan jarraitzeko prest nengoela erakutsi nien aurkariei. Amorerik ez ematearen ondorioz, kroseko azkeneko buelta bakarrik egin nuen.

Denboraldia ondo doa; pozik zaude orain arte egindakoaz?

Bai, oso pozik. Irailean hasi nuen denboraldia, eta, egia esan, gustura nago orain artekoarekin. Santurtzitik Bilbora doan lasterketan bosgarrena izan nintzen. Galdakaoko beste lasterketa bat, aldiz, ezin izan nuen amaitu lesio baten ondorioz. Baina, orokorrean, egiten dudan balantzea positiboa da, emaitzak lortzen ari naizelako.

Arlo pertsonalean sartuta, nola iritsi zinen Arrasatera?

Aurretik Arrasaten bizi zen lagun batek gonbidatu zidan orain dela bi urte. Asko gustatu zitzaidan bai Gipuzkoa eta baita Euskal Herria ere. Oporretatik bueltan Andaluziara joan nintzen; zortzi hilabete egin nituen han. Lagunak hemen lan bat topatu zidan eta segituan etorri nintzen. Nire lagunarengatik nago hemen, eta, egia esan, oso pozik nago hemen bizitzeko aukera izateagatik.

Nola zaletu zinen atletismora?

Ondo gogoan dut lehenengo eguna. 14 urterekin hasi nintzen, Marokon, eta 19 urterekin hamar kilometroko lehenengo lasterketa ofiziala egin nuen Amsterdamen (Herbehereak). Espainiara orain dela bost urte iritsi nintzen, eta, korrika egiteaz gain, nekazaritzan eta eraikuntza lanetan aritu naiz.

Zergatik da hain berezia korrika egitea?

Bere garaian hartutako erabaki onena bihurtu dela konturatu naiz. Nire amak lagundu zidan Marokon, ohitura txarrak albo batera uzteko asmoarekin. Hark apuntatu ninduen atletismoan, bizitza osasuntsua edukitzeko helburuarekin. Tabakorik ez erretzeko eta bizitza ona edukitzeko nire amaren erabaki hura oso ona izan zen.

Hemendik aurrera ze helburu dituzu?

Euskal selekzioaren elastikoarekin lehenengo aldiz Espainiako Txapelketan izango naiz eta azken momentu arte borrokatuko naiz. Txapelketa amaitutakoan, asfaltoko bost kilometroko lasterketa prestatu nahi dut. Distantzia horretako probetako marka 13.57an ezarrita dut eta uste dut gai naizela marka hobetzeko.

Zenbat entrenatzen zara?

120 eta 130 kilometro egiten ditut korrika aste normal batean. Astelehenetik igandera, atseden egunik gabe. Egia esan, bi astean behin hartu izan dut atseden egun bat, normalean, zapatu edo domekaren batean, baina, normalean, ez dut atsedenik hartzen.

Arrasaten bizi, baina Durangoko Kirol taldeko kide; zergatik?

Unai Ibarra lagunak aurkeztu zidan Bidezabal taldea. Profesionalak zirela esan zidan, lasterketetako gastuak ordainduko zizkidatela eta maila handiko korrikalariak zeudela. Konbentzitu egin ninduen eta haiekin jarri nintzen harremanetan.

Haiekin harremanetan jarri eta segituan hasi zinen entrenatzen.

Bai; gainera, nire profileko korrikalari bat behar zuten. Nire laguna den Unai Ibarrari esan zioten korrikalari etorkin bat behar zutela ligan lehiatzeko eta nigan pentsatu zuen. Hori dela-eta nago ni Durangoko atletismo talde batean.

Bukatzeko, zerk kentzen dio loa Ahmedi?

Egia esan, ezerk. Badakit zein naizen, nire gaitasunak eta gabeziak zeintzuk diren eta zenbat entrenatzen naizen. Nire eskuetan dagoen guztia egiten saiatzen naiz, eta, alde horretatik, lasai dut kontzientzia. Erronka nagusia egunetik egunera hobea izatea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak