Euskal musika eta flamenkoaren aterpe izango da bigarrenez Amaia antzokia

Hasier Larrea 2023ko urt. 27a, 08:02

2013an Amaia antzokian egindako emanaldian, lehenengo diskoko kantuak aurkezten.

Jose Luis Monton flamenco gitarrajole maisua eta Gorka Hermosa akordeoilari saritua dira Flamenco Etxea 2 egitasmoaren arimak. 2007an sortu zuten proiektuari bigarren diskoa gehitu diote berriki. Gonbidatu bereziekin aurkeztuko dute domekan.

Bederatzi urte joan dira Amaia antzokia Flamenco Etxea egitasmoaren aterpe izan zenetik. Diskoak eta ikuskizunak "arrakasta itzela" izan zutela gogoan du Gorka Hermosa akordeoilari zumarragarrak. Oraingoan bigarren lanaren emaitzaren berri emango dute toki berean, domekan, 19:30ean hasita.

Montonek eta Hermosak kolaborazio ugariri egiten diote tokia elkarrekin eraiki duten bizitokian. Oreka TX-eko txalapartariak, Garikoitz Mendizabal txistularia, Jon Maia bertsolaria, Toti Martinez de Lezea idazlea, Juan Carlos Aracil txirulajolea, Tony Da Cruz baxujolea, Got Talent lehiaketako irabazle izandako Roko abeslaria, Piruchi Apo eta Mu Mbana afrikar kantariak eta Zumarragako trikiti eskolako kideak dira eszenatokira igoko direnetako batzuk. Diskoan entzun daitezke euren ekarpenak, baina zuzenekoan lehen aldiz ikusi ahalko dira denak batera, "bakoitza bere tokian, bere talentua erakusten".

Zumarragako trikitilariak oso kuttunak ditu Hermosak, txikitatik ezagutzen baititu. Taldea Euskal Herriko zaharrena da, 1929an argitaratu baitzuen lehen grabaketa. Eurei dedikatuta dago fandango estiloko Zumardi kantua: "Herriko txikikeriak eta bizipenak kontatzen ditugu, horiek dira-eta emozionatzen dutenak". Bitxikeria modura, Arrasateko Udaleko zinegotzi den Kepa Urteagak ere joko du trikitia.

Jatorria aldarrikatzen

Flamenco Etxea barru-barrutik bizi du akordeoilariak. Espainia hegoaldetik migratutako familian sortua, hango eta hemengo musikak nahastea ohorea da Hermosarentzat, are gehiago Monton moduko maestro bat alboan izanda, "flamenko gitarrista historikoetako bat".

Cristina Benitez dantzariak eta Sandra Carrasco abeslariak gehitzen diote flamenko kutsuko estetika ikuskizunari. Ikusleari "txundigarria" egingo zaio beraien eszenaratzea eta mugitzeko modua, estilo euskaldunarekin alderatuta "oso ezberdina". Bi kulturen artean mugitzen baitira Monton eta Hermosa. Azken hori Hezurbeltzak taldeko musikaria ere bada, eta dio Jon Maiak "ezin hobeto" azaltzen dituela hitzez bere sentipenak: "Gurasoak Euskal Herrira nola etorri ziren azaltzen du kantuetan, eta bada gaur egun aldarrikatzen dugun kontua, agian gazteagoak ginenean lotsaz bizi genuena".

Diskoa entzungai dago Spotify-n, zuzenekora joan aurretik entzun nahi duenarentzat.

Erlazionatuak

Flamenkoa eta euskal musika, eskutik

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023 urt 25 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak