Malen Ruiz de Azua: "Aire libreko sentsazio onek jarraipena dute"

Xabier Urtzelai 2023ko urt. 20a, 12:25

Malen Ruiz de Azua, artxiboko irudi batean, Mojategin. Goiena

Iaz ez bezala, Arrasatekoak ondo hasi du neguko denboraldia. Bordelen pista estaliko marka pertsonala berdindu berri du (4,43), baina gehiago nahi du.

Anoetara bidean hartu du Malen Ruiz de Azuak (Arrasate, 1995) GOIENAren deia. Eguraldiak aste barruan ez du batere lagundu halako joan-etorriak egiten ibiltzeko, baina denboraldi hasieran eguaztenero Anoetara entrenatzera joateko erabakia hartu zuen Jonathan Perez entrenatzailearekin batera; hango kirol instalazioetan teknika lantzea da helburua eta ez dute kalerik egin gura. Joan den asteburuan Bordeleko Star Perche topaketa irabazi izana pozgarria izan dela aitortu du arrasatearrak; bereziki, pista estaliko marka pertsonala berdindu duelako (4,43). Baina orain datoz sasoiko hitzordu handiak eta pauso bat aurrera eman gura du.

Bistan da neguko denboraldia iaz baino hobeto hasi duzula...

Bai, sentsazio onekin nabil eta, iaz ez bezala, aurten askoz hobeto hasi dut pista estaliko denboraldia. Iaz oker hasi nuen urtea eta, azkenean, ezin izan nuen neguko sasoia zuzendu. Txapelketa txar bat egiteagatik ez da ezer gertatzen, baina egiten duzun guztietan txarto ibiltzen bazara... Konfiantza galtzen duzu eta bukle negatiboan sartzen zara. Eta egoera horri buelta ematea zaila izaten da, neguko sasoiak bost aste inguru baino ez du-eta irauten; ez da egoten zuzenketetarako denbora askorik. Udan, berriz, konfiantza hartu nuen eta ekain amaieran eta uztailean sentsazio on horiek errekuperatu egin nituen; gustura ibili nintzen. Hala, hainbat hilabetez geldi egon eta gero, denboraldi berri hau prestatzen hasi naizenean orduko jarraipena izan dut, udako sasoia eta sentsazioak errekuperatu ditut eta bolada on horretan jarraitzen dut

Bordelen (Frantzia) topaketa irabazi berri duzu eta marka pertsonala berdindu. Zer eskatzen diozu urteari?

Aurten, nire marka pertsonala ondu nahi dut, baina ez pista estalikoa bakarrik (4,43); aire libreko marka ere ondu nahi dut aurten (4,47). Jakinda hori lortzea ez dela batere erraza. Izan ere, maila gorenean diharduzunean hobekuntza txikiena lortzea asko kostatzen da; tarte txikia izaten dugu gora egiteko, baina saiatu egin gura dut.

Euskadiko txapelketa izango duzue domekan; berrikuntza batzuk egiteko asmoa duzue.

Bai. Domekan Anoetan lasterkako tartea pare bat pauso luzatzen saiatuko gara; hamar pausoko korrikaldia egitetik hamabi pausokoa egitera pasatzea da asmoa. Teoriak dio hori egiten badut abiadura handiagoarekin iritsiko naizela salto egin behar dudan momentura eta horrek aukera emango didala pertika gogorragoa erabili eta salto handiagoa egiteko. Baina horiek teoriak dira; gero, praktikara eraman behar dira! Kar, kar, kar. Gaur [eguaztena] egingo ditugu probak, eta, ondo badoa, denboraldi amaierara arte halaxe jarraituko dut.

Zeintzuk dira neguan gorriz markatuta dituzun hitzorduak?

Euskadiko txapelketa egin eta gero baditugu bestelako probak, baina otsailaren 11n Espainiako taldekako txapelketa izango dugu eta otsailaren 17ko eta 18ko asteburuan Espainiako txapelketa absolutua.

Gero, aire librean hobetzen jarraitzea?

Hori da logikoena, sasoi hobean egoten garelako eta hilabete gehiago izaten ditugulako prestatzen joateko. Normalean, marka onenak udan egiten dira; aire librean klimatologiak ere eragina du; bereziki, txapelketan haizea alde baduzu. Baina badira neguan hobeto ibiltzen diren atletak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak