David Muñoz: "Lanerako gertu dagoen talde bat aurkitu dut Mondran"

Xabier Urtzelai 2023ko urt. 20a, 18:00

Mondrakjo entrenatzaile David Muñoz, joan den astean Azkoagainen.

Ohorezko erregional maila ondo baino hobeto ezagutzen du David Muñozek (Lasarte, 1976) eta egia da talde zuri-morera iritsi denetik Arrasatekoek dinamika negatiboa aldatu dutela. Garbi dauka, baina, aurten beheko postu horietan borrokatzera kondenatuta dagoela Mondra. Asteburuan hasiko dute bigarren itzulia, Lagun Onaken zelaian.

Aloñaren kontra irabazi eta gero, aste barruan errazago egiten da Arrasaterako bidea...

Zalantza barik, eta ez genuen partidu ona egin, Aloña hobea izan zen, baina puntuak lortu genituen eta orain hori behar dugu.

Dinamika negatiboa atzean uztea lortu duzue.

Emaitza nahiko onak lortu ditugu, bai. Tolosaren partiduan ezin izan nintzen aulkian egon; berba egin nuen jokalariekin partidu bezperan, baina ez nuen taldearekin fitxarik. Zorionez, partidua irabazteko kapaz izan ziren, eta, ondoren Elgoibarren kontra galdu egin bagenuen ere, Mutrikuren eta Aloña Mendiren kontra puntuak batu ditugu.

Lasartekoa zara eta kategorian talde asko daude Donostia ingurukoak: Añorga, Usurbil, Oiartzun, Hernani, Vasconia…. Arrasate Gipuzkoaren barnealdean dago.

Bai, eta talde horietako batzuetan ibilitakoa naiz entrenatzaile lanetan; Hernanin eta Zarautzen, esaterako. Baina banuen Debagoien aldera etortzeko gogoa. Esango nuke hemen jokalariei gehiago kostatzen zaiela ondoko herriko klubera joatea; fidelagoak dira, zelanbait esatearren. Donostialdean, berriz, taldeen artean joan-etorri handiagoa izaten dute jokalariek. Jokatu ere beste modu batean jokatzen hemen, ezberdina da. Hala, Aretxabaletara, Oñatira... bisitari moduan etorrita nengoen, eta banuen gogoa hona entrenatzera etortzeko.

Lehen itzuli txarra egin du Mondrak; zer aurkitu duzu bertan?

Eskaintza onartu aurretik taldea jarraitzen ibili nintzen eta onartutakoan eta lanean hasitakoan aurretik ikusitakoa berretsi dut. Jokalari gazteak daude eta lesioek dezente baldintzatu dute orain artekoa, baina lanerako gogoz dagoen talde bat aurkitu dut. Eta lehenagotik ere ondo landutako taldea da Mondra, egin duten lana ez da txarra izan. Esango nuke hasieran lehiakor ibili zirela, baina emaitzek ez zutela batere lagundu. Eta hor hasten zara behera etortzen, konfiantza galtzen, dinamika txar batean sartzen zara eta futbolarekin gozatzeari uzten diozu... Eta egia dena da Mondra baino talde hobeak ez daudela asko. Badira koska bat gorago dauden taldeak; iaz izan nuen Hernani da adibide bat, baina, guztira, hiruzpalau dira, ez gehiago. Gainontzekoak maila antzerakoan daude eta ondo lehiatzean dago gakoa.

Mondraren eta Aloñaren partiduko une bat, atzean bi taldeetako aulkiak, entrenatzaileekin.

Dinamika txarretik irteteko zer esan edo egin duzue?

Azken batean, burua fresko duen pertsona bat naiz, ez daukana jokalariek emaitzengatik hartu duten motxila, eta motxila hori kentzen saiatu naiz; galdutako borrokak ahaztu egin behar ditugu eta aurrera begira jarri. Askotan, garrantzi handiegia ematen diogu futbolari, nik duela urte batzuk egiten nuen moduan. Partidu bat galtzen nuen eta ingurukoek ez zuten nitaz ezer jakin nahi... Eta gero, konturatzen zara joko bat baino ez dela eta neurria hartu behar zaiola. Partiduan zaudenean ez dago munduan gauza garrantzitsuagorik; bi orduz lehiakorra izan behar duzu, baina kito, horraino. Taldeak konfiantza errekuperatzeko egin dugu lan.

Bigarren itzulia hasiko duzue; egutegira begiratu eta kontuak egiten dituen horietakoa zara?

Ezetz esango banizu, gezurretan ibiliko nintzateke; egin ditut nire kontuak, bai. Baina jokalariekin ez dut horretaz berba egiten, ez ditut presionatu nahi. Bistan da bigarren itzulian gauzak hobeto egin beharko ditugula, eta liga amaierara arte atzealdean egotera kondenatuta bagaude ere, bizirik gaude, eta hori da garrantzitsuena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak