Joanes Igeregi: "Hizkuntza aniztasunean, espezie arraro bat da euskara"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urt. 24a, 09:55

AEDk antolatutako Euskara zubi zikloa-ren baitan, Euskararen kolapsoa ala kolapsoaren euskara hitzaldia egingo du Joanes Igeregik (Sopela, 1985) urtarrilaren 30ean, 19:00etan, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Sukar Horia kolektibo ekologistako kidea da eta bioaniztasunaren eta euskararen etorkizuna aztertuko ditu.

Euskararen kolapsoa ala kolapsoaren euskara. Hitz joko bat dela diozu. 

Hori da. Nire lanaren jatorria izan zen pentsatzea krisi ekologiko batek edo balizko kolapso batek ze eragin izango lukeen euskararengan. Hala ere, sakondu ahala, konturatzen joan nintzen euskarak gizarte berri horretara egokitzeko daukan gaitasunean dagoela eragina, neurri handi batean. Egokitu ezean, euskarak berak kolapsatzeko arriskua eduki dezake. Agian kolapsoa ez da hitz aproposena eta desazkunde hitza ere erabili nezakeen, baina inpaktua sortu nahi izan nuen hitz hori erabilita, deigarriagoa izan zedin.

Ekologismoaren eta euskararen egoera alderatu daitezke?

Bioaniztasunaren eta hizkuntza aniztasunaren egoerak alderagarriagoak dira. Metaforarekin jarraituta, hizkuntza aniztasun horretan, euskara espezie bat da, espezie arraro bat, nolabait, lortu duelako azken 60 urteetan bere bizitasuna handitzea, hizkuntza gehienak gainbeheran dauden honetan. Bioaniztasuna ere gainbeheran dago baina egongo dira neurriz kanpo hazten ari diren espezie batzuk ere. Edozelan ere, joera orokorra da geroz eta suntsipen handiagora goazela. 

Krisi ekologista nola eragiten ari zaio euskarari?

Oso zaila da lotura zuzena egitea, krisi ekologiko baten eraginak oso epe luzekoak direlako. Edonola ere, Ongizate Estatuaren atzeraldia lotuta dago krisi ekologikoarekin. Ez da kasualitatea 70eko hamarkadatik aurrera politika neoliberal gogorrenak inposatzen joan izana eta horrek, gutxi gorabehera, bat egiten du petrolioaren krisiaren osteko garaiarekin eta erregai fosilen amaiera hurbiltzearekin. Atzeraldi horrek euskarari ere eragiten dio, hizkuntza politiketan egiten diren murrizketen ondorioz. 

Euskarak gizarte berrietara egokitzeko gaitasuna izan du orain arte, ezta?

Bai eta, atzera begira, egin beharreko irakurketa bat da hori. Askotan, joera daukagu gure egoera soziolinguistikoaren alderdi txarrari begiratzeko, baina hemen eta orain bizirik egotea bera meritu bat da gurea moduko hizkuntza txiki batendako. Gure aiton-amonek sinistu ere ez lukete egingo euskara helduko zenik gaur egun hedabideetan daukan presentzia edukitzera, lan munduan eta administrazioan egotera eta abar. Agian ez dugu nahi beste lortu, baina aurrerapauso handiak eman ditugu eta euskarak gaitasun handia izan du askotariko aldaketa sozialetara egokitzeko. Horregatik, etorri daitezkeen aldaketak nolakoak izango diren pentsatzeaz gain, horietara nola egokitu pentsatu beharra daukagu.

Nora darama gizartea krisi ekologistak?

Eztabaida handia dago benetan ze aldaketa emango diren eta nolakoak. Epe luzera begira, nahiko ziurra da hain hiritarra izango ez den mundu batean biziko garela eta bizitza eremu lokalagoetan kokatuko dela. Zentzu horretan, gaur egun bizi ditugun joera asko irauli egingo direla esango nuke. Geroz eta mugikortasun eta interkomunikazio handiagoa daukagu, geroz eta modu globalagoan bizi gara eta horrek guztiak atzera egiteko aukera handiak ditu, nahi eta nahi ez. Ikerketa gehienen arabera, ez da egongo modurik erregai fosilen ordezkorik aurkitzeko eta energia berriztagarriek ezingo dute ordezkatu gaur egun dugun kontsumo energetikoa. Beraz, egungo bizitzeko modu globala oso zalantzan dago etorkizunera begira. 

Eta hori euskarara nola ekarri daiteke?

Eremu lokalago eta hurbilago batzuetan bizi beharko gara seguruenik eta hori positiboa izan daiteke euskararentzat, globalizazioaren uholdearen tamaina txikitzeko aukera handiak daudelako.

Beraz, zailtasunak beharrean, aukerak sortu daitezke euskararentzat?

Esango nuke baietz. Hala ere, hori da etorri daitekeenaren alde positiboa. Baina baliabide gutxiago egoteak esan gura du euskalgintzarako ere gutxiago egongo direla. Beraz, eremu lokalagoetan bizitzeak eta globalizazioaren eragina txikitzeak euskararen alde egin dezake, baina inertzia nagusiak gaztelaniaren eta frantsesaren gainekoak izango dira eta gai izan beharko dugu euskararen aldeko hautua egiteko. Hautu kontziente bat izan beharko da hori eta lan bat egon beharko da euskaraz bizitzeko gogoa elikatzeko, euskara elkarteen, tokiko hedabideen edota kultur mugimenduen bitartez, adibidez.  

Euskarak ze tresna ditu borroka ekologistarako? 

Euskarak badu potentziala krisi ekologikoak beharko duen ezaugarri handienetako bat elikatzeko. Hau da, krisi ekologikoari bidezko irtenbide bat emateko gako garrantzitsuenetako bat komunitate trinkoa izatearena da eta euskarak baditu osagaiak komunitate sentimendu hori elikatzeko. Hizkuntza batek, komunikaziorako tresna izateaz gain, badu batasun sentimendu partekatu batzuk elikatzeko gaitasuna ere eta hori izan daiteke krisi ekologikoari irtenbidea emateko gakoetako bat; ez bakarra, noski. 

Sukar Horia; zertan oinarritzen da kolektibo ekologista horren lana?

Elkarte txikia eta gaztea gara eta Bilbo inguruan egiten dugu lan, batez ere. Borroka ekologista beste borroka askatzaile batzuekin lotzeko nahitik sortu zen Sukar Horia. Bestalde, Euskal Herriko borroka ekologista gehienak kode zaharkituetan eta lokaletan zentratuta zeudela ikusi genuen, eta beharrezkoa zela ekologismoari izaera globalago bat emango zion talde bat sortzea. Eta horretan saiatzen gara, hitzaldien bitartez, salaketa ekintzen bitartez, beste eremu batzuetako elkarteekin lanketak eginez eta abar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak