'Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak' liburua aurkeztuko du Miren Azkaratek martitzenean

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urt. 13a, 14:52

Miren Azkarate, idatzi berri duen liburua eskuan duela. (Argazkia: Oarsoaldeko Hitza.)

Ezkutuko hainbat bizipen bistaratzen dituen liburua aurkeztuko du datorren martitzenean, urtarrilak 17, Miren Azkarate kazetariak Kulturateko areto nagusian, 19:30ean. Erbesteratu edo iheslarien zazpi seme-alabaren testigantzak jaso ditu, harena barne.

Arrasateko Sarek antolatuta, Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak liburua aurkeztuko du Miren Azkaratek (Donostia, 1984). Erbesteratu edo iheslarien zazpi seme-alabaren testigantzak jaso ditu liburuan, baita harena ere, 33 urtez Kuban erbesteratuta egon den Agustin Azkarateren alaba baita. "Jaio nintzen egun beretik naiz iheslari politiko baten alaba eta nire bizitza osoan zehar halaxe izan naiz, 2021ean aita itzuli zen arte. Honek bizipen batzuk izatera eraman nau eta bizipen horiek arantza bat sortzera eraman naute. Azkenean, arrazoi pertsonal batetik abiatu nintzen, baina arrazoi politikoa ere gurutzatu zen; hau da, euskal gatazka deitzen dugun honetan guri buruz ez da inoiz hitz egin izan eta hutsune bat betetzera datorrela iruditzen zait", azaldu du liburuaren idazleak.

Gatazka guztietan lehen lerroan gizonezkoak egon ohi direla dio eta atzeguardian, berriz, emakumeak eta haurrak. "Lehen lerro horretaz asko hitz egiten da, baina atzeguardiaz ezer ez. Gure kasua ere halaxe izan da, eta, nire kasuan, aita bost aldiz ikusi dut nire bizitza osoan. Harekin gehienez hilabetez egon naizen pertsona bat da. Amak, berriz, guztia egin du. Ni hezi, maitatu eta ekonomikoki aurrera atera, aitarekiko eta herriarekiko maitasuna erakutsi...".

"Guk badugu gure egia"

Dio euskal gatazkan biktimak eta mina soilik alde bakarrean dagoela dirudiela, eta ez dela haien aldean. "Guk badugu gure egia, eta, gure txikitasunean bada ere, kontatu egin behar dugu, idatzita utzi behar dugu. Guk ez badugu kontatzen, ez du inork egingo edo gezurra esango du. Guk bizi izandakoa gertatu da, eta orain idatzita geratzen da".

Tabua, gezurrak, abandonua...

Esan moduan, zazpi testigantza batu ditu Azkaratek liburuan, eta badituzte gauzak amankomunean. "Lehenengoa, nire nebak dioen bezala, zera da: hitz egiten ikasi genuenerako, bagenekien isilik egoten. Izan ere, txikitatik entzun izan ditugu esaldi hauek: 'Orain isildu, muga pasa behar dugu eta ezin dute entzun euskaldunak garela eta zuek ez dakizue beste hizkuntzarik'; 'gaur ez gara hemen egon'; 'zuen aurrean dagoen hori gaur ez dago hemen".

Halaber, azpimarratu du etxean gauza bat bizitzen zutela eta kanpoan beste bat. "Etxean gertatzen edo hitz egiten ziren gauzak etxean geratzen ziren eta kalean gezurra esan behar genuen". Horrekin batera, gaiaz hitz egiteko zailtasuna ere aipatu du: "Anai-arrebon edo ahizpen artean gaiaz ez dugu orain arte hitz egin. Tabua izan den gai bat da, orokorrean, guretzat eta gizartean, eta hitz egiteko ezintasun hori gure artean ere gertatu da", gaineratu du.

Elkarrizketatu guztien artean oso hedatuta dagoen sentimendua barne mina dela aitortu du, eta zera gaineratu: "Liburuko izenburuak dioen bezala, ikusezinak gara. Ez dugu izan ez erakundeen laguntzarik, ez herri mugimenduenik, ezta ekonomikorik edota bestelako laguntzarik ere. Abandonu sentimendua ere badugu".

"Nire zatia izan da zailena"

Hasieran bestelako asmoak bazituen ere, azkenean, haren testigantza ere jaso du: "Zatirik zailena izan da. Ohituta nago kazetari bezala galderak egin eta horrekin idaztera, baina neure buruari ariketa hori egitera ez. Bestetik, idazterakoan ez naiz ohartu hainbeste biluzten ginenik; agian, damutu egingo gara noizbait. Baina erabaki kontzientea izan da. Hutsune bat bete dut liburuarekin. Jada ez gara hain ikusezin eta horrekin ase sentitzen naiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak