Marrazteko sena "garaiz" topatu duen artistaren erakusketa ikusgai

Hasier Larrea 2023ko urt. 3a, 12:08

Clara Provanza zumarragarrak ez zuen bere marrazteko gaitasuna ezagutzen larriki gaixotu zen arte. Orain, 63 urterekin, ibilbide eta estilo propioa garatu ditu. Bere lanak Objektuak dendan ikus daitezke urtarrilaren erdialdera arte: "Erakusketa Gabonetan erabaki genuen jartzea, bere istorioak Gabonetako ipuina dirudielako", azaldu du Eleonora Dulfova dendariak.  

Badaude pertsona batzuk egoerarik zailenetan deskubritzen dutela zer egiteko gai diren. Clara Provanzaren kasua da horren erakusle. Denbora askoan egon zen ohetik mugitu gabe, gaixotasun larri batengatik ospitaleratuta. Ilustrazioa lantzen zuen bere ahizpak, eta konturatu zen gutxienez gai zela eskuarekin errotuladorea eusteko. "Hortaz, ihes egin eta komunikatzeko marrazkiak egitera animatu zuen Clara, eta prozesu horretan aparteko talentua zeukala ohartu ziren", azaldu du Objektuak dendako Dulfovak.

Maalako arrabaleko saltoki horretan froga daiteke Provanzaren berezko talentua. Art Brut profileko artistatzat har daiteke bera: "Sailkapen horretan sartzen dira formazio artistikorik jaso ez duten artistak; ezerezetik marrazten dute, eta lanen emaitzak zintzoak eta kontaminazio akademikorik gabekoak dira". Zaila da halako pertsonekin topo egitea, baina badago jendea horien atzetik ibiltzen dena: "Art Brut-aren ezaugarriak betetzen dituztenen bila aritzen den Portugalgo galerista batek Clararekin topo egin zuen, eta animatu zuen afiziotzat zeukana lanbide bezala planteatzera. Urtetik urtera konposaketa landuagoak eta teknikoki hobeak egitera iritsi zen, material eta euskarri desberdinak erabilita, eta hau da emaitza". 

Bizipen aberatsak ikur

Provanzak bizipenak islatzen ditu koadroetan. Batetik bestera sinbolo batzuk errepikatzen direla ohartuko da ikuslea: "Adibidez, marroi kolorez margotutako pertsonak ugariak dira". Horren atzean istorio eder bat dagoela adierazi du Dulfovak: "Clararen ahizpak Mauricios irletako haur bat adoptatu nahi zuen, 6 urtekoa. Hara joatekoak zirenean esan zieten haur bat ez, bi izango zirela, bestea 8 urtekoa. Eta behin hara iritsita, konturatu ziren hiru zirela guztira; azken horrek 12 urte zeuzkan eta amaren rola jokatzen zuen beste biekin, kalean bizi ziren eta babes-etxe batean bukatu zuten. Kontua da 12 urterekin ezin dela legez adoptatu. Pentsa zelako drama. Abokatu batek esan zien: hartu ahal dituzuen baimen guztiak eta saiatu hirurak ekartzen; sei urte geroago, hirurak hemen daude, eta galeriaren inaugurazioan egon ziren", kontatu du Dulfovak, eta gehitu: "Erakusketa estekikoki ederra da oso, baina atzean dauzkan istorioak, are ederragoak". 

Provanzaren obra pertsona askorentzat inspirazio-iturri izan daitekeela uste du: "Gaixotasunak piztu zion bere baitan gordeta zeukan margotzeko sena; argitasun eta bizitzeko gogo ikaragarria izanez gero, inoiz ez da berandu gauza ederrak sortzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak