Euskararen historia orokorra 700 orriko liburu mardula da, eta euskararen bizibidea batzen du neolitiko garaitik gaur egunera arte. Halaber, antzinako euskara (proto-euskara), erromatarren garaiko euskara, zein Erdi Aroko euskararen ezaugarriak edo euskalkien jaiotza batzen ditu, besteak beste, lanak. Hain zuzen ere, liburu horretan sakontzeko helburua izango du hilaren 11ko saioak.
Julen Manterolak euskal filologiaren hastapenen inguruko doktoretza lana egin zuen Paun, Frantzian (Université de Pau et des Pays de l’Adour). Geroztik, euskararen historiari buruz eta euskal lexikografiari buruz ikerketa lan ugari egin izan du, izan Euskaltzaindiarentzat zein Euskal Herriko Unibertsitatearentzat.
Gainera, hitzaldiak "interes berezia" duela diote antolatzaileek. Izan ere, Irulegiko eskuaren agerpenaren testuinguruan kokatzen da eta Manterola aditua da antzinako euskaran.
Hitzaldia Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Gipuzkoa Belaunaldi Arteko proiektuarekin lotuta dago, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan.
Gipuzkoa Belaunaldi Arteko proiektuaren helburua da ezagutza transmititzeko eta komunitatearen garapenerako belaunaldien arteko lotura sustatzea eta, oro har, lankidetza eta balio-zahartzea sustatzea. "Horretarako, herritarrei irekitako belaunaldi arteko trukaketa, esperimentazioa eta lankidetza bultzatzeko gai izango den gune bat bultzatzen beharrezkoa da", azaldu dute.