Nazioarteko xake txapelketan 26 partaide ari dira jokatzen

Hasier Larrea 2022ko abe. 29a, 10:48

Urteak dira Arrasate-San Andres Xake Elkarteak Arrasate Hiria torneoa antolatzen duela. Eguberri egunaren eta Gabonzahar egunaren arteko astean, egunero jokatzen dituzte xake partidak Altamirako Herri-Gain elkartean. Bihar, ostirala, erabakiko da nor den irabazlea.

Gehienez 32 partaiderendako edukiera jarri dute aurtengo lehiaketan, eta 26 animatu dira, "pozteko modukoa", Aitor Alkaide xakelariaren esanetan. Horien artean, bi jokalari Kolonbiatik etorri dira, eta Gasteizen bizi den beste kolonbiar bat ere badabil. Gainontzeko gehienak ingurukoak dira, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Abadiño, Aretxabaleta eta Arrasatekoak, besteak beste.

Iazko txapelduna, Alejandro Franco, profesionala da gainera, aski ezaguna Arrasate Hiria torneoko antolatzaileen artean: "Azpeitian bizi den madrildar honek dozena bat alditan jokatu du jadanik, eta zortzi txapela pilatu ditu guztira, lehena, 2006an".

Beste urte batzuetan kubatarrak edota lituaniarrak ere etorri izan dira. Bistakoa da lehiaketa erakargarria dela kanpoko xakelarientzat. Alkaidek azaldu duenez, "xakelarioi gustatzen zaigu oporren bueltan txapelketak non egiten diren begiratzea, afizioa turismoarekin uztartzeko aukera izateko; halaxe ari dira kanpotik etorri diren jokalariak, goizetan inguruko txokoak ezagutzen, eta arratsaldeetan torneoan parte hartzen".

Suitzar sistemara

Xakean ohikoa den formatura ari dira jokatzen: suitzar sistemara. "Zure puntu berberak dituenaren aurka jokatzean datza, eta ez da inor kanporatua izaten. Hartara, normalena da azken egunean bi onenak elkarren aurka aritzea, beraz, lehia horretako irabazletik irteten da txapelduna". Formatu hori beste kirol batzuetan aplikatzen hasiko direla gehitu du Alkaidek: "Gizonezkoen futbolean, 2024ko Champions League torneoa horrela diseinatu dute".

Izan ere, norgehiagoka parekatuak izatea ahalbidetzen du suitzar sistemak. Arrasate Hirian lehiakide bakoitzak partidu bakarra jokatzen du egunero, batez beste hiruzpalau ordu irauten duena. Ostiral arratsaldean jokatuko dituzte azkenak, eta iluntzean jakingo dute nor den 2022ko irabazlea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak