1987an zabaldu zuten Martaren eta Imaren gurasoek Ruiz lurrindegi-drogeria. 19 urte igaro ostean, 2006an, buelta bat eman zioten negozioari bi ahizpek eta Kapikua, emakumeentzako jantzi eta osagarrien denda.
Zein eratako arropa duzue?
Emakume guztiendako arropa neurriak dauzkagu, ez dugu inor kanpoan uzten. Estiloari dagokionez, alaia, kalekoa eta femeninoa. Denboraldi bakoitzean azken tendentzien katalogo zabala izaten dugu.
Aurreko Gabonekin alderatuta, bezero gehiago izan dituzue?
Bai, jendea gehiago etorri da. Gogoan izan behar dugu iaz data hauetan omikronak harrapatu gintuela bete-betean.
Baduzue oparitarako gehien erosten den produkturik?
Ez. Erosteko modua aldatu egin da. Lehen, hartzaileari gustatuko zitzaiokeen produkturen bat erosten zen, baina, gaur egun, zerrenda baten menpe egiten da erosketa. Orain, asko pentsatzen dugu erosiko duguna hartzaileari gustatuko ote zaion. Horregatik, herritarrek Arrasatetik irten gabe kontsumitu nahi badute, badago beste aukera bat: opari-txartela. Asko eskaintzen dugu. Bezeroak aukeratzen du diru-kopurua, eta, ondoren, hartzaileak erosten du nahi duena.
Zer eskatzen diozue 2023ari?
Ezer berririk ez. Bakea munduan, osasuna eta maitasuna.
Neguan sartu berri gara. Zein tendentzia da nagusi?
Dudarik gabe txalekoa eta puntuzko jertse lepoduna. Total look-a ere bai; hau da, kolore bereko prakak eta amerikana. Janzkera horri sport ukitua emateko kirol oinetakoak jartzen zaizkio. Orokorrean, prakak zabalagoak eta zuzenagoak dira.
Armairuan bai edo bai izan behar den osagarria.
Gehien saltzen direnak lepokoa eta zapia dira. Biek ematen diete kolorea tonu neutraleko janzkerei.
Denda txikiak ixten ari dira.
Kezkatuta gaude egoerarekin. Kontsumitzeko eredua aldatzen ari da; hortaz, negozio ereduak aldatu egin behar du, bestela, gure kasuan, behintzat, gaur egungo eredua ez da errentagarria izango etorkizunean.
Zuek aldatu duzue?
Bagabiltza. Esaterako, Whatsapp Business erreminta erabiltzen dugu. Gainera, ikusi dugu edukiak zabaltzen ditugunean bezeroei interesa pizten zaiela.
Zer ematen dute denda txikiek?
Gertutasuna eta gertuko arreta. Guk arropa denda daukagun heinean, hona etorrita produktua ikusi, ukitu edota probatu daiteke. Aldatzeko erraztasuna ere ematen dugu.
Sarean bezeroekin hartu-emana galdu gabe
"Komertzio txikia gustuko duten herritarrek oso ondo hartu dute Whatsapp Business. Gure kanalera sartuta, Arrasateko berrien, dendako berritasunen, arropa katalogoaren... berri ematen dugu. Bideoak nahiz azalpen-bideoak igotzen ditugu; batzuk pertsonalizatuak. Interesa duten jantzien irudiak bidaltzen dizkiegu bezeroei eta erosi nahi badute bila datoz. Horrela, bezeroekin harremana daukagu; hori webguneetan ez da gertatzen".