Alberto Urretxo: "Batallanekin 'Finisterrai' estreinatzea ametsa da"

Xabier Urtzelai 2022ko abe. 23a, 14:00

Alberto Urretxo.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak gaur, egubakoitza, Euskaldunan joko duen Gabonetako kontzertua Alberto Urretxori eta Esteban Batallan-i eskainitakoa izango da. Bi musikariek Ricardo Molla konpositoreari enkargatutako Finisterrai pieza-sorta estreinatuko dute.

Lerrook irakurtzen dituzuenerako, Alberto Urretxok (Arrasate, 1972) emana izango du Esteban Batallan tronpeta-jole bakarlariarekin batera, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak lagunduta (BOS), Euskaldunako bi emankizunetako lehena. BOSen eta Bilboko Bandaren Gabonetako kontzertua da, eta, hain zuzen, Urretxori eta Batallani eskainitako emanaldia da. Atzo, hilak 22, izan zuten lehen kontzertua, eta gaur, hilak 23, da bigarrena. Eguaztenean, Urretxok Euskaldunatik irten berritan erantzun zion GOIENAko deiari, eta aitortu zuen metro gutxi batzuetara egonda ere, Bilbon, San Tomas feria usaindu ere ez zuela egin. Lanez lepo ibili da.

Irakurleek elkarrizketa irakurtzen dutenerako lehenengo kontzertua emana izango duzue. Aurretik, ze sentsazio dituzu?

Oso sentsazio onak ditut, lan handia egin dugu azken hilabetean eta proiektu honek bereziki egiten dit ilusioa. Batetik, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren 100. urteurrena ospatzen gabiltza, Gabonetako kontzertua da, eta, bereziki, niretako erreferente den Esteban Batallanekin [Chicagoko Symphony Orchestrako tronpeta-jolea da] batera Finisterrai izeneko pieza-sorta estreinatzeak gauza handia izan behar du.

Aspaldiko proiektua duzue hau.

Bai; Esteban eta biok aspaldidanik ezagutzen dugu elkar, orkestra txikiagoetan ere elkarrekin jo izan dugu. Sarritan aipatzen genuen halako zerbait egin gura genuela, eta, begira, izarrak lerrokatu egin dira, iritsi da momentua. Ricardo Mollari egin genion Finisterrai pieza sorta idazteko enkargua; guretako inbertsio bat da eta aurrerago ikusiko dugu non grabatuko dugun lan hori, AEBetan, Europan... Baina niretako gauza oso polita da Esteban Batallanekin batera proiektu hau gauzatzea, nazioartean erreferente da eta momentu ikusgarrian dago. Eta, seguruenik, aurrerago zaila izango da harekin halako zerbait egitea. Eta, hain zuzen, hori da kontzertu honen oinarria, bi lagunen arteko adiskidetasuna; ideia horrekin sortu dugu.

Ricardo Molla tronbonista eta konpositorea aukeratu duzue enkargu hau egiteko. Zergatik hura?

Hainbat izen izan genituen mahai gainean, eta hura aukeratu genuen, bereziki, gaztea izan arren urte asko daramatzalako gauzak oso ondo egiten, oso ondo idazten. Nazioartean ezagun egiten dabil, eta, bereziki, metal-instrumentuen konpositore gisa erreferente bilakatzen dabil. Baina, gainera, konpositorea izateaz gain, tronboi-jolea ere bada, eta horrek ere erakarri egiten gintuen. Eta, azkenik, eta pisuzko arrazoia izan da, Ricardok oso ondo ezagutzen gaituela bai Esteban eta bai ni.

Bi egun hauetan bete egingo duzue Euskalduna?

Euskalduna jauregia betetzea asko kostatzen da, oso handia delako, eta, gainera, egun bereziak dira, baina badakit sarreren martxarekin antolatzaileak gustura zeudela. Eta badakit, baita ere, Estebanek kanpotik jende asko erakarriko duela. Gaur egun, ez da oso erraza Esteban Batallan zuzenean jotzen ikustea, eta jendea etorriko da hura ikustera.

Euskaldunako bi emanaldi hauen ondoren atseden hartuko duzu?

Bai; hilabete oso beteak izan dira, bereziak. Hilabete honetan, esaterako, bi obra estreinatu behar ditut, duela hamabost egun Nafarroan izan nintzen jotzen... Bai, lan mordoarekin ibili gara. Atseden hartzea ere komeni da, eta etxekoekin egoteko baliatuko ditut Gabonak; urtarrilean bueltatuko gara ostera ere lanera eta 2023a antolatzen hasiko gara, baditugu-eta proiektuak esku artean.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak