Azken txanpara heldu da Goiena Komunikazio taldeak Bergarako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren eta Sein taldearen babesletza eta laguntzarekin antolatu duen bosgarren Danbaka musika lehiaketa.
Aurreko lau kanporaketetan moduan, leihatilan eskuratu behar dira sarrerak; lau euro, sarrera arrunta; Goiena app-a dutenentzako, bi euro; eta, Goienakideentzako, doan.
Folketik punk-oi! doinuetara
Aspaldiko lagunak diren Bergarako bi familiak osatzen duten Arragoa taldea izango da gaur, 21:30ean, Seminarixoko agertokira igotzen lehenengoa. "2015ean eman genuen lehen kontzertua eta harrezkero askotariko formatuetan jo izan dugu; betiere, folka oinarri hartuta. Guk sortu ditugun kantuak eta Irlandatik, AEBetatik eta Suediatik datozenak uztartuko ditugu errepertorioan".
Bergarako eta Elgoibarko musikariek osatutako Islabat laukotea izango da segidan. Rocka du taldeak oinarri, baina ez da ohiko rock talde bat. "Lokatzetan ondutako uzta izanik, Islabat soinu ilunen gourmetentzako dastatze-menua da, rocketik eta iluntasunetik edaten duen proposamena, estilo zehatz baten sailkatzeko zaila, intentsitatearekin jolastuz eta ñabardura askorekin betea".
Folk eta ñabardura askotariko rock doinuak, bosgarren kanporaketan entzungai
Erritmo lasaiak eta azkarragoak uztartzeko asmoz igoko da Bergarako eta Azpeitiko musikariak batzen dituen Orhi taldea gero. Proiektuarekin hasi berri badira ere, inor axolagabe ez uzteko moduko eskarmentua sumatzen zaio askotariko doinuak lantzen dituen seikoteari. Arrasateko punk-oi! mugimenduaren barruan 1996an sortutako Sindy Berbenas taldeak borobilduko du gaurko lehiakideen zerrenda. Urte luzez lozorroan egon dira, baina gogotsu daude, eta disko berria lantzen ari direla da horren erakusle. Ohi bezain ganberro jarrerarekin igoko dira taularen gainera.
Chill out gunean, DJ LP Woman
Astigarragako Lara Peman (DJ LP Woman) gonbidatu dute Seminarixo kanpoan dagoen chill out gunea girotzeko. 20:00etan zabalduko den gunean, bi saio eskainiko ditu, 21:00etatik 21:15era eta 22:45etik 23:00etara, La Furia-ren ikuskizunetan parte hartzen duen musikariak.
Danbaka-Ekinez, sari berria
Aurreko aldietan moduan, epaimahaikideek erabakiko dute zein taldek edo bakarlarik eskuratuko duen diskoa grabatzeko saria, eta publikoaren boto gehien jasotzen duen formazioak izango du bideoklipa grabatzeko aukera. Bada, sari horiez harago, hirugarren sari bat ere izango da aurten: Danbaka-Ekinez izenekoa.
Danbaka musika lehiaketaren eta Bergarako Ekinez jaialdiaren elkarlanaren bidez, Debagoieneko musika talde hasiberri bati "zuzeneko oso berezi bat egiteko aukera ederra ematea" da sariaren helburua; hau da, 2023ko ekainaren 9an eta 10ean Bergaran egingo den bigarren Ekinez musika jaialdian jotzeko aukera izango du sariaren irabazleak. Urtarrilaren 13an jokatuko den finalean banatuko dira sari guztiak.