Mozambiken nekazaritza-teknikak hobetzeko ekimena da azken 20 urteotan Mundukidek martxan daukana, Beñat Arzadunen gidaritzapean. Egitasmoaren bidez, "bizi-kalitate hobea emango duten ekonomia txikiak" sortzen dituzte tokiko eragileekin elkarlanean.
Hitzaldian proiektuaren alderdi guztiak zuzenean ezagutzeko aukera izango duten entzuleek, "bai ekonomikoak, sozialak, lankidetzakoak, ezagutzakoak, lanekoak, generokoak, eta abar". Ekimenak batez ere gizaki ororen lehen premia estaltzea du helburu, elikagaia bermatzea, alegia: "Hori guztia gizarte-eraldaketaren ardatz gisa lan eginez". Arzadunen esanetan, “miseriatik pobreziara igarotzeko bidean" ari dira lanean, hartara, "inguru hauetan bizi duten egoeraz hausnartzea" eskatzen du.
Lanaren eta bizitzaren jabe izateko
Nekazarien bidezko garapen jasangarriari laguntzeko errenta sortzeko, pertsona autonomoak, moldatzeko kapazak eta buruaskiak formatu nahi ditu Mundukidek Mozambiken: "Ez dugu ezer oparitzen, baina prestakuntzaren, laguntza teknikoaren eta teknologiaren bitartez laguntzen dugu, testuingurura eta tokiko beharretara egokituz". Beren esperientziatik abiatuz eta tokiko bazkideen saretzearen bidez komunitateekin zuzenean lan eginez, garapen sozioekonomikoa sustatzen ari diren lankideen bitartez egiten dute hori guztia.
15.000 nekazari familia baino gehiagori laguntzen diete nekazaritza-teknikei buruzko prestakuntzan eta asistentzian, ekoizpena areagotu dezaten eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetu dezaten. 2025erako 20.000 nekazari familiatara iritsi nahi dute laguntza horretan.
Esku artean duten helburua ikusita, "hitzaldi bat baino zerbait gehiago" izango da martitzenekoa, "planeta honetan behar handiena duten pertsonekiko konpromisoa" bermatzea, alegia.
