'Euskal emaria munduari' erakusketa, hilaren 25era arte, Etxaluzen ikusgai

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko abe. 13a, 19:32

Gaur ireki dute Euskal Emaria Munduari- Basque History of the World (II) kontzeptuari buruzko 116 irudiz osatutako erakusketa, Etxaluze Gizarte Zentroko bigarren solairuan, eta abenduaren 25era arte egongo da ikusgai; astean zehar, 17:00etatik 20:00tara eta asteburuetan, 12:00etatik  14:00etara eta 17:00etatik 20:00tara.

Euskal emaria munduari erakusketa Mark Kurlansky idazle amerikarrak garatutako lanen jarraipena da, antolatzaileen esanetan. "Erakusketak ezin du Euskal Herriaren, bere kulturaren edo euskal gizartearen garapenaren historia osoa jaso. Besterik gabe, euskaldunek munduari eginiko ekarpen batzuei buruzko lehen erreferentziak eskaini baizik, bai eta Euskal Herrian jaiotako edo euskal diasporaren ondorio izan diren pertsonaia buruzko erreferentzia labur batzuk eskaini ere", nabarmendu dute.

Hala, honako gai hauek lantzen ditu erakusketak:

  • Euskal Herria.
  • Euskara.
  • Belaren arrantza Ameriketan.
  • Euskal marinelak.
  • Euskal bidaliari, marinelak eta esploratzaileak.
  • Erlijio katolikoari egindako emaria.
  • Euskal Konkistatzaileak eta Gerrariak.
  • Gerla Zibila eta Bigarren Mundu Gerla.
  • Eragin handiko emakumeak.
  • Musikari egindako emaria.
  • Arte Ederrari egindako emaria.
  • Modari egindako emaria.
  • Literaturari eta pentsamenduari egindako emaria.
  • Kirolari egindako emaria.
  • Arkeologiari egindako emaria.
  • Zientziari egindako emaria.
  • Gizarte Garapenari eta Ekonomiari egindako emaria.
  • Euskal Diaspora.
  • Euskaldunen ondorengo pertsonaia ospetsuak.

Ezagutza transmititzea helburu

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Gipuzkoa Belaunaldi Arteko proiektuarekin lotuta dago erakusketa, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan, eta baita Adinberri Fundazioa garatzen dabilen Hariak-Bakardadeei aurre egiteko Gipuzkoako estrategia deritzonarekin ere.

Gipuzkoa Belaunaldi Arteko proiektuaren helburua da ezagutza transmititzeko eta komunitatearen garapenerako belaunaldien arteko lotura sustatzea. "Oro har, lankidetza eta balio-zahartzea sustatzea gura da, eta horretarako, herritarrei irekitako belaunaldi arteko trukaketa, esperimentazioa eta lankidetza bultzatzeko gai izango den gune bat bultzatzen beharrezkoa da", azaldu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak