Komikigile iruindarrak gogoko du euskal historiari buruzko sorkuntza lanak egitea. Bere azken komikia, Amaiur! Libera Estate, urteurren berezi batean kaleratu du, hain zuzen, Gaztelako 6.000 gizonez osatutako armadak Nafarroako Erresumaren gotorleku zen Amaiurko gaztelua inbaditu zuenetik 500 urte pasa direnean: "Belatz kapitainaren esanetara zeuden 150 nafar gudariek, errenditu ordez, Amaiur defendatzeko hautua egin zuten, jakinik bizitza gal zezaketela". Horietako erdiak hil egin ziren setioak iraun zuen zazpi egunetan, eta beste erdiak atxilotu egin zituzten Mirandako kondearen soldaduek.
Hura Amaiur eraisteko laugarren saiakera izan zela nabarmendu du Urmenetak, "1512an, 1516an eta 1521ean ere saiatu zirelako". Behin helburua lortuta, Gaztelako armadak harresi guztiak desagerrarazi zituen, "bazekiten eta hori egin ezean berriz ere eraikiko zutela nafarrek gaztelua".
Kontzertuak gauean eta arratsaldean
Solasaldiaren ostean gaztetxean egin dute bazkaria Ttakeko lagunek. Datozen orduak bete-beteak dituzten, 17:30ean, gaztetxean, bazkaloste akustikoa egingo baitute Garazi Barrenaren eskutik, 19:00etan poteo musikatua Irati tabernatik hasita, eta, eguna borobiltzeko, 22:30ean, gaztetxean, Etxepe, Oihu eta Muxutruk erromeriak jarriko ditu dantzan gazteak –ateak 22:00etan irekiko dituzte–.