Endika Donnay: "Maratoian emozionalki gauza berriak bizi izan ditut"

Xabier Urtzelai 2022ko abe. 2a, 18:00
Endika Donnay, aste barruan, Gernika oinezkoen zumardian, Arrasaten.

Maratoiko distantzia egin duen lehenengo saiakeran, Endika Donnay arrasatearrak marka oso ona egitea lortu du (2.28.56) eta Gipuzkoako txapeldun izan da. Aste barruan GOIENArekin egon da, azken lau hilabeteotan bizi izandakoak kontatzeko, eta, elkarrizketa honetako erretratuetarako korrika apur bat egiten saiatu denean, gorputzak garbi adierazi dio maratoia egin berri duela. "80 urteko pertsona baten moduan nago", dio, barrez.

Espero zenuen halako lasterketa egitea?

Ez, bereziki nire lehenengo maratoia izan delako, eta ez nuen espero Gipuzkoako txapeldun izatea, ezta marka hori egitea ere. Egia da ondo prestatu dudala maratoia, lau hilabete erabili ditut horretarako, nutrizionistekin izan naiz lanean, zorrotz jarraitu ditut entrenatzaileak agindutakoak... Eta zaindu egin naiz.

Noiz sartu zitzaizun maratoia egiteko harra?

Urte hasieran erabaki nuen maratoi distantzia probatu gura nuela, eta entrenatzaileak animatu egin ninduen. Eta uztailean hasi ginen helburu horretara begira lanean.

Lasterketa egunean dena joan zen ondo...

Bai, eta hori du maratoiak, distantzia luzea dela eta edozein detailek pikutara bidali dezakeela lasterketa. Alegia, 10 kilometroko lasterketa batean badakizu helmugara iritsiko zarela. Akaso, ez duzu nahi moduko lasterketa egingo, baina amaitu egingo duzu. Maratoian, ordea... Hala, lasterketa aurretik, aste barruan emazteari esaten nion oso ondo ikusten nuela neure burua, eta aitarekin ere sarritan egin nuen berba horri buruz. Aita arduratuta zegoen, distantzia luzea delako, baina lasai egoteko esaten nion, ikusten nuelako ze entrenamendu egiten ari nintzen eta sentsazio oso onekin nenbilelako. Oso ondo prestatuta joan nintzen.

Lasterketara ideiak garbi eraman zenituen...

Oso garbi. Entrenatzaileak garbi utzi zidan hasieratik nire erritmoa hartu behar nuela, eta bi segundo ere ezin nintzela hortik pasatu. Eta hori lasterketa hasieran ez da batere erraza, kosta egiten da eta horrek kontzentratuta joatea eskatzen du. Gero, azken zazpi kilometroetan ondo banengoen, hor bai, hor libre nintzen ahal bezain azkar korrika egiteko, baina ordura arte ez.

Ezaguna da maratoian 30. kilometroaren bueltan egoten den mugarria, une gogorra izaten dela hori. Izan zenuen halako momentu kritikorik?

Bada, gogoan dut 24. kilometroan harrituta nindoala, oso sentsazio onak nituelako; ederto nindoan. Handik kilometro gutxira, baina, 32. kilometro inguruan giharretako arazoekin hasi nintzen, koadrizepsean, bikietan... Orpoan ere mina hasi zitzaidan, azazkalean zauria egin nuen... Azazkalean! Inoiz ez dut azazkalean zauririk egin... Eta orduan pentsatu nuen momentu hark izan behar zuela maratoiko pareta edo mugarri ezagun hori.

Eta momentu hartan, zer?

Bueno, ikusten nuen erritmoari eusteko kapaz nintzela, ez nuela beherakada fisikorik... eta aurrera egitea erabakitzen duzu. Hor zeure burua engainatu behar duzu apur bat, eta gutxi geratzen dela pentsatu. Azken kilometro horietan ere haizeak gogor jotzen zuen, baina gogoan dut gozatu egin nuela, disfrutatzen ari nintzela; kontziente nintzen fisikoki apur bat ukituta nengoela, baina mentalki oso ondo nindoan.

Ohikoa da zu Antxintxika krosean ikustea, Behobia-Donostian... Aurten ez zaitugu ikusi; proba horien hutsunea sumatu duzu?

Behobia-Donostia hamar urtez egin dut, eta pandemia aurretik egin nuen azkena. Ez, lasterketa horren hutsunea ez dut sumatu, baina Antxintxika krosarena bai. Gainera, orain Bergaran bizi naiz eta lasterketa hori herrian bertan amaitzen da. Baina maratoian kontzentratzeko esan zidan entrenatzaileak eta horren aldeko apustua egin nuen.

Etorriko dira maratoi gehiago?

Bai, seguru; harra sartu zait, esango nuke harrapatu egin nauela maratoiaren distantziak. Ondo prestatzeko denbora gehiago behar duzu, baina 10 kilometroko lasterketak prestatzen ari zarenean entrenamenduak gogorragoak dira, serieak topera egin behar dituzulako. Maratoiko entrenamenduak, berriz, lasaiagoak dira. Baina maratoia emozionalki oso lasterketa berezia da. Lasterketa aurretik negar malkotan nintzen, eta inoiz ez zait halakorik pasa, beste lasterketetan ez dut sentsazio hori izan. Etxekoak etorri ziren ni animatzera: emaztea, gurasoak... Badakizu lau hilabetean zenbat gauza utzi dituzun alde batera, ze esfortzu egin duzun... Horiek guztiak etorri zitzaizkidan burura eta emozionatu egin nintzen.

Denbora tarte honetan zer igarri duzu faltan?

Bizitza soziala egitea, kalera irten eta lagunekin hiru garagardo hartzea. Hori egiten banuen, hurrengo egunean ezin nintzen ondo entrenatu.

Zenbat denbora behar da maratoi batetik errekuperatzeko?

Ez dakit, baina orain momentuan 80 urteko gizon baten moduan nago [Barreak]. Fisikoki eta mentalki errekuperatzeko esango nuke hilabete behar dela.

Ze distantziatako lasterketak dituzu gogokoen?

Ez dakit zer esan... 10 kilometroko lasterketak topera egiten dituzu, eta hori gustatzen zait. Baina maratoiak oso zapore ona utzi dit. Valentziako maratoiak oso zirkuitu azkarra du; probatu egin nahiko nuke.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak