Iaz omikron kasuen agerraldiak sortutako ziurgabetasunak gaindituta, lasaiago antolatu ahal izan du aurten Hauspoz elkarteak Arrasate Hiria sariketaren bueltako egitaraua. Prestakuntza-lana ez da-eta makala: nazioarteko punta-puntako hamabost lehiakide eta bost epaimahaikide gonbidatzeaz gain, Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako ia 300 akordeoilariri ere egingo diete tokia hitzorduetan.
Izan ere, ezaugarrien arabera, hiru dira garatuko diren ekitaldiak: batetik, kanpora begira garrantzitsuena dena, Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa; bestetik, inguruko kontserbatorioetako ikasleei egokitutako Gipuzkoa Akordeoi Lehiaketa; eta, azkenik, musika eskoletako bakarlari, ganbera-musika talde zein ensenbleak modu hezigarrian aritzeko Gipuzkoa Jaialdia, 257 partaide jasoko dituena.
MUNDU MAILAKO AKORDEOILARI ONENAK DOHAINIK IKUSI AHAL IZANGO DIRA AMAIAN
Guztientzat
Aurten, Europako bederatzi herrialdetako eta Txinako musikari profesionalak arituko dira Arrasate Hiria txapelketako lehian. Epaileak ere urrunetik etorriko dira; Japoniatik eta Norvegiatik, besteak beste. Hauspozko antolatzaile Maria Zubimendiren hitzetan, "epaileen mailak erakartzen ditu goi mailako musikariak, eta horregatik da Arrasatekoa mundu mailako bost txapelketa nagusietako bat".
Entzuteko "zailak" diren piezak joko dituzte haiek, baina herritarrei eramangarriagoak egingo zaizkien hitzorduak ere egongo dira, Gipuzkoako lehiaketa eta jaialdiaren baitakoak: "Folklorearekin lotuago dauden ekitaldiak izango dira, eta, guztiak batuta, akordeoia ikuspuntu ezberdinetatik entzun ahal izango dugu, hori baita asteburuko helburua".
Bestelakoak ere bai
Zubimendik bi ekitaldi nagusi azpimarratu ditu, arrasatearrei "politenak" iruditu ahal zaizkienak: "Gaur, 20:00etan hasita, iazko irabazle Piotr Motykak kontzertua egingo du Kulturaten, eta maisuki konbinatuko ditu aro ugaritako piezak; domekan, ordu berean, itxiera ekitaldian, musika garaikidea ardatz duen ikuskizuna egongo da Amaian".
Gainera, epaimahaiko kide izango den Veli Kujalak ikastaro berezia emango du Kulturateko Jokin Zaitegi gelan abenduaren 5ean eta 6an, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era.
Hauspozen partetik, Zubimendi esker oneko agertu da Arrasateko Udalarekin eta SUDC elkartearekin, kanpoko partaideek eragile horien aldetik "aparteko berotasuna eta tratua" jasotzen dutelako.
EMANALDIEN ORDUTEGIA ETA GUNEAK
Abenduak 2
• 09:00etan eta 15:00etan, Nazioarteko Lehiaketako kanporaketak Amaian.
• 16:00etan Gipuzkoako Lehiaketako Gazteen kanporaketa Kulturaten.
Abenduak 3
• Egun osoz, Gipuzkoako jaialdiko kontzertuak Amaian, Kulturaten eta Ferixalekuan.
• 20:00etan, Amaian, Gipuzkoako jaialdiko sari banaketa.
Abenduak 4
• 08:30ean, Nazioarteko azken fasea Amaian.
• 09:00etan Ferixalekuan eta 09:30ean eta 15:00etan Kulturaten, Gipuzkoako Lehiaketak.
• 20:00etan, Amaian, lehia guztien sari banaketak.