Maider Morras: "Udal Gobernuak ez du dagokion maila eman egoera zailetan"

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko aza. 23a, 09:59

Maider Morras, EH Bilduren bozeramailea, Portaloia atzean duela.

Agintaldiak orain arte emandakoari buruz aritu da Maider Morras (Arrasate, 1976). Agintaldi "berezia" izan dela aitortu du, pandemia eta krisi ekonomiko eta energetikoagatik, bereziki. Halere, Gobernua "herritarren beharretatik urrun" egon dela uste du.

Nola laburbilduko zenuke agintaldiak orain arte emandakoa?

Agintaldi berezia izan da, pandemiagatik eta orain daukagun krisi ekonomiko eta energetikoagatik. Guk lankidetzarako jarrera izan dugu batzorde guztietan, proposamen ugari eginez eta ideia asko elkarbanatuz. Udal Gobernuaren lana fiskalizatu dugu eta sail bakoitzean gure ekarpenak egin. Gero, gure lanak izan du isla Gobernuak hartu dituen erabaki batzuetan.

Nola baloratzen duzu Udal Gobernuaren kudeaketa, oro har?

Herritarren beharretatik urrun egon da. Egoera konplexu, zail edo gatazkatsuak gertatu direnean, ez du dagokion maila eman eta beste aldera begiratu du. Jendeak babesa eta zaintza behar izan ditu, eta hor huts egin du Gobernuak; desagertuta egon da. Behin eta berriz esan dute ez dutela inor atzean utziko, eta, azkenean, pertsona eta familia asko geratu dira atzean, krisiarekin ikusten ari garen moduan.

Zertan huts egin du Udal Gobernuak?

Ez du hitza bete. Zuntza hilabeteetan jartzea, erdiguneko gaztelekua aste pare batean birkokatzea, bidegorri sarea osorik eraikitzea eta abar. Zer esanik ez, haren proiektu izarra: kiroldegia. Ezerezean dago.

Eta zertan asmatu du?

Asmatu du kultura eta musikarako bi azpiegitura eraikitzen, baita TAO sistema ezartzen ere, nahiz eta guk ez genukeen horrela kudeatuko. Ekiolako diruzko parte-hartzea ere positiboa da herriarentzat, baina herritar guztien eskura egon beharko luke, ez soilik bazkidetza ordaindu dezaketenen eskura.

Aldebakarrez jokatzea leporatu izan diozue Gobernuari.

Hor arazo bat dugu, EAJren eredua eta EH Bildurena guztiz kontrakoa baita. Erabakiak hartzerakoan ez dute inolako ahaleginik egiten gurekin ezer partekatzeko, hausnarketa komun bat lantzeko eta gehiengoz erabakiak hartzeko. Gobernuaren helburuak izan beharko luke oposizioaren ekarpenak barnebiltzea, eta hori ez da egiten hemen. Ez dute ikasi denok garela arrasatearren ordezkari eta badaudela gai asko elkarrekin landu daitezkeenak. Erabakiak aldebakarrekoak dira eta gu bigarren mailakoak gara haientzat, ez dago benetako elkarlanik.

"Aldebakarrekoak dira Gobernuaren erabakiak; gu bigarren mailakoak gara haientzat"

Nolakoa izan da TAOren gestioa?

Hasieran, TAO sistema oso konplexua zen, eta diru-biltzailea. Guk eredua sinplifikatzea eta gune batzuetan doakoa izatea planteatu izan dugu, eta aldaketa horiek egin dituzte, azkenean; horrekin pozik gaude. Ez, ordea, langileen eta isunen zerbitzuaren pribatizazioarekin; hori ez dator bat gure ereduarekin.

'Ekobulebar'-a. Garibai etorbidea oinezkoendako da orain.

Hasierako proiektuarekin, erdigunea autobusez beteko litzateke, eta guk Laubide proiektua aurkeztu genuen alternatiba gisa, baina Gobernuak ez zigun azaltzeko aukerarik ere eman. Zorionez, auzotarrak ere mobilizatu ziren, eta, azkenean, Garibai etorbidea oinezko eta bizikletendako da. Pena izan da Grupo San Juango bizilagunei ez dietela kasurik egin, baina, bestela, oso pozik gaude.

Zalduspeko geltokia ondo ari da funtzionatzen? Geltokia erdigunean jartzearen aldekoak zarete oraindik?

Zalduspekoak abantailak ditu, baina baita arazoak ere. Esaterako, Gasteiz, Bilbo eta Donostiarako autobusak ezin dira sartu erdigunean eta San Andresen, eta horrek oztopo handiak ekartzen ditu, batez ere, pertsona nagusien egunerokotasunean, urrun geratzen baita Zalduspe. Beraz, geltokiaren balorazioa egin behar da, eta hori herritarrek egin behar dute, erabiltzaileek, auzoetako biztanleek. Hori oinarritzat hartuz jakingo dugu non kokatu behar den Arrasatek merezi duen autobus geltokia, duina, erosoa eta praktikoa.

Nola kudeatu ditu Gobernuak herriko lan-gatazkak?

Gobernuaren eredua azpikontratazioarena da, eta horrekin ez dira lan-baldintza duinak lortzen. Gobernua ez da langileen eskubideen alde agertu lan-gatazketan, ez ostalariekin, ez lorezainekin, ezta Aita Menniko langileekin ere, eta langile horietako asko arrasatearrak dira.

Juan Arzamendi Musika Etxea eta Kulturola. Funtsezko bi eraikin.

Noski, baina ez eraikin polit eta berriak izateko, kultur taldeen, eragileen eta ikasleen arteko sinergiak sortzeko baizik. Dinamikak eta sinergiak landu eta bultzatu egin behar dira, ez dira bakarrik sortzen, eta Gobernuak ez dauka horretarako planik.

Diozue feminismoa ez dela Udal Gobernuaren lehentasuna.

Emakume Txokoak aspaldi eskatu zuen lekualdaketa, segurtasunik ezaren harira, eta ez da ezer egin. Halaber, eragile feministekiko harremana hutsaren hurrengoa da. Ez dago inolako anbizio politikorik feminismoa lantzeko. Eskerrak Emakume Txokoko langileek ateratzen dutela lan feminista aurrera. Feminismoa eta euskara ez dira izan Gobernuaren lehentasuna.

"Feminismoa eta euskara ez dira Udal Gobernuren lehentasunak izan agintaldi honetan"

Euskara ere ez?

Udal Euskaltegiari bere lekua eman zaio, baina hori bakarrik. Ez dugu ikusi kanpaina bakar bat ere euskara bultzatzeko.

Alkategai izango zara maiatzean?

Estatutuen arabera, alkategaia bilkideek aukeratzen dute, eta horretarako prozesua martxan da. Momentuz, ez dago izenik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak