Gaur behar diren erantzunak Arizmendiarrietak aspaldi eman zituela dio Iñaki Gabilondok

Uxue Igarza Loiola 2022ko aza. 16a, 19:47

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak antolatuta, gaur arratsaldean Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko bi ikasgela bete dira, Iñaki Gabilondo eta Begoña Marañon kazetarien hausnarketak entzuteko. Arizmendiarrietaren pentsaera eta ekintzak izan dituzte hizpide.

Azaroaren 29an 46 urte beteko dira Jose Maria Arizmendiarrieta hil zela, eta kooperatiben ideologo eta sustatzailea gogora ekartzeko, bere pentsaerek egungo ingurune sozioekonomikoan duten eraginaren inguruko gogoeta egin du Iñaki Gabilondok, Begoña Marañon kazetariak gidatuta.

Garai batean "interesgarria" zen Arizmendiarrietaren pentsamendua, egun, "dagoen pentsamendurik abangoardistena" dela dio Gabilondok: "Ezagutu nuenean, atentzioa eman zidan nola pentsatzen zuen eta nola igarotzen zen ideietatik ekintzara. Baina, orain, harrigarria iruditzen zait garai bateko ideia horiek indarrean egotea; eta gainera, abangoardiaren puntan".

Horri lotuta, gizartea "humanismo berri bat" bilatzen ari dela azaldu du Gabilondok: "Mundu osoan zehar bidaiatu dut askotariko alorretan adituak diren pertsonak elkarrizketatzen. Denak ari dira humanismo berri baten bila. Arizmendiarrieta datorkit niri burura, eta konturatzen naiz orain bilatzen duguna Arizmendiarrietaren ideietan aurki dezakegula". Arizmendiarrietak "humanismoaren gakoak" idatzi zituela azpimarratu du Gabilondok.

Enpresa eredua aztergai

Kazetariaren esanetan, momentu honetako erronka globala da enpresei "beste zentzu bat" ematea. "Gizartea aldatu egin behar da eta enpresak ere bai. Buru-belarri ari dira mundu guztian gai honekin; milaka ekimen ari dira sortzen errentagarritasunetik harago begiratzen duten enpresa-ereduak sortzeko", esan du Gabilondok.

Pentsamendu neoliberala baztertzen duen hausnarketa hori Arrasaten eta Debagoienean "aspaldi" egin zela nabarmendu du: "Argi esan zuen Arizmendiarrietak: pertsonak eta gizartea oinarri dituen enpresak behar dira; ez dirua oinarri dutenak (…) Pertsona eta enpresa komunitatearen zerbitzura jartzea defendatzen zuen eta ez alderantziz".

Irakurketa hori "geroz eta hedatuago" dagoela azaldu du kazetariak, baina oraindik "oso gutxi" direla gizartearen zerbitzura dauden enpresak: "Jendea hasi da konturatzen ekonomikoki ondo egotea ez dela nahikoa enpresa baten etorkizuna bermatzeko; enpresek beste balio batzuk behar dituzte. Halere, oraindik gehiengoak makillatu egiten du bere enpresaren irudia, gizarteari ekarpena egiten diotela erakusteko, baina betiere etekin ekonomikoak daude horren atzean".

"Anbizio handiko gizona"

Gabilondoren iritziz Arizmendiarrietak "anbizio izugarria" zuen: "Ez zuen enpresa lagunkoi eta gizatiar bat sortu nahi bakarrik, demokrazia hitza txertatu zuen egitekoetan".

Bestetik, emakumeen askatasunaz eta hezkuntzaren garrantziaz ere idatzi zuela gogorarazi dute bi kazetariek. "Ez nintzen konturatzen, apaiz atsegin haren ahotik gomendio tonuarekin esandako horiek zein garrantzitsuak ziren; eta, batez ere, zein garrantzitsuak diren gaur egun", azaldu du Gabilondok. "Euskal gizarteak aitortza egin behar dio. Denek ezagutu behar dute Arizmendiarrietaren filosofia eta praktika", erantsi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak