Arrasateko Biteri plaza solidaritatez bete da goizean goizetik. IMME-k, Euskal Herrian emakume musulmanen integraziorako elkarteak, bigarren eskuko arropa, bisuteria eta etxean prestaturiko janari eta pintxo ezberdinen azoka solidarioa antolatu du; prezio sinbolikoak izan dituzte denak.
Behar gehien dutenei laguntzeko antolatu dituzte gaurko ekintzak, eurak baitira gizartea jasaten ari den krisiaren aurrean egoera gogorrena dutenak. Bestalde gaurko azokan batutako dirua, gabonetan umeei ekintza ezberdinak antolatzeko balioko dute, aurpegian irribarre bat izan dezaten. IMME elkartetik, eskerrak eman nahi izan dizkiete proiektu hauetan laguntzen ibiltzen diren beste elkarte eta pertsonei, hauek ez baitira soilik emakume musulmanen integraziorako, kanpotarrak diren guztientzat baizik.
Goiza borobiltzeko dantzak
Goizeko hamarretan ekin diote azokari, baina izan da tartea ikuskizunetarako ere. Eguerdiko hamabiak bueltan, Peruko dantza ohikoekin osatutako emanaldi txiki bat egin dute azokan bertan. Bertaratu direnek, gertutik jarraitu dute ikuskizuna eta pintxoak dastatzeko ere aprobetxatu dute.