Azaldu dutenez, udal arduradunentzat, parekoak dira zundaketa arkeologiko bat eta lur-erauzketa lanak, ingeniaritza-obrak edo etxebizitzen eraikuntza, makineria astuna darabiltenak. "Aldiz, AZEk egiten dituen zundaketa arkeologiko baterako, nahikoak dira soka bat eta iltzeak, aztertu beharreko lekua mugatzeko; pikoa eta pala, eremua garbitzeko; arraspak, eskuilak, pintzelak; eta libreta eta boligrafo bat, oharrak hartzeko. Ezer gutxi gehiago, aurreikusitako jardueretarako", azpimarratu dute.
Hala, publikoki adierazi dute ez daudela ados eskakizun horrekin eta, horrez gain, azaldu dute sentitzen dutela udal erakundeak ez duela balioesten edo estimatzen azken urteotan irabazi asmorik gabeko elkarte batek, AZEk, egin duen "etengabeko lan altruista", doakoa. "Elkarteak bazkideen kuotei eta urteroko udal dirulaguntzari esker egiten du aurrera, Arrasateko herriaren aldeko jarduerak garatzen eta, askotan, udal erakundearen berezkoak liratekeenak burutzen".
"Ez dugu horrelako tratua merezi"
Beraz, "Arrasateko Udaleko Hirigintza Sailak eskakizun horri eusten dion bitartean", AZEk erabaki du bertan behera uztea aurten Anporreta–Loon eta desagertutako Garagartzako San Lorentzo baselizan egitekoak ziren jarduerak. "Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiarengandik xede horretarako lortutako 7.200 euroei uko egingo diegu, eta Udalarekin 2022rako hitzarmena sinatzea ere atzeratu egingo dugu".
Bukatzeko, adierazi dute sentitzen dutela puntu honetara iritsi izana, eta bazkide zein herritarrek haien jarrera ulertzea gurako lukete. "Arrasate Zientzia Elkarteak ez du merezi aipatutako sailetik jasotako tratua, hainbeste urtetan egindako ekarpenak ez baititu aintzat hartzen. Hala eta guztiz ere, aurrerantzean ere Arrasateko historia eta ondarea hobeto ezagutzeko lanean jarraituko dugu".