Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea, Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotzi Victoriano Fuentes eta Ander Garay kirol zinegotzia batu dira gaur Arrasateko Udalak azken urteotan hartu dituen neurriek emandako emaitzen berri emateko, eta baita neurri berriak iragartzeko ere. Hala, argiterian azken urteotan egin den inbertsioak (Udalak milioi bat euro –1.004.261, 80 €– inbertitu ditu azken urteotan argiak aldatzeko) eman dituen emaitzak nabarmendu dituzte. Gaur egun Arrasatek 4.500 argi-puntu ditu, eta 2017tik ahalegin handia egiten ari da argiak LED teknologiara aldatzeko. Aldatutako luminariak 2.680 dira guztira, hau da, udalerriko instalazio elektrikoen % 60.
Hala, 2017an, Udalak 298.427,00 euro ordaindu zituen urtean bide publikoan argia kontsumitzeagatik, 2021ean baino ia bi aldiz gehiago. Kontsumoari dagokionez, argiteria publikoa 2.150.580 KWh kontsumitzetik 1.400.221 KWh kontsumitzera pasa da. "Jarduera honekin, argiztapena modernizatzen ari gara, modu ekologikoan, kalitate handiagoko argi batzuekin eta mantentze-kostu baxuagoarekin. LEDekin energia-gastua murriztu egin da, % 70eraino, kontsumo txikiari esker, eta ia mantentze-lanik ez du", azaldu du Victoriano Fuentes Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak. Fuentesek gaineratu du argi horien urteko kontsumoa murrizteak amortizazio azkarra ahalbidetzen duela, eta inbertsioa lau urtetan (3,8 urte) amortizatuko dutela.
Zentzu horretan, Maria Ubarretxena alkateak azpimarratu duenez, "Udal arduratsua gara kutsadura gutxiago eta jasangarriagoa izango duen Arrasate bat eraikitzeko dugun konpromisoan, eta Udalak lanean jarraituko du argiteria publikoa ordezteko jarduketak osatzeko". Hori horrela, aurreratu dute Udalak eraiki berri dituen eraikin guztiei jasangarritasun-irizpideak aplikatu zaizkiela, hala nola, Juan Arzamendi Musika Etxeari edo Kulturolari. Gainera, LED teknologiara aldatu dira honako eraikin hauek: Bedoñabe eta Erguin eskola publikoak, BAZ, udaletxea, Kulturate eta Uarkape.
C02 gutxiago sortzeko helburuarekin lanean
Alkateak nabarmendu du beste helburu garrantzitsuetako bat dela CO2 mailak murriztea, airearen kalitatea hobetzea "Arrasate oinezkoentzat eta bizikletentzat berreskuratzea, eta udalerria gune atseginagoa, osasuntsuagoa eta iraunkorragoa izatea". Izan ere, Udaleko ordezkariek emandako datuen arabera Arrasaten 14.500 ibilgailu pribatu daude erroldatuta, eta horiei batu behar zaizkie egunero kanpotik etortzen diren 9.000 ibilgailu. "Horren guztiaren ondorioz, garraiotik eratorritako CO2 emisioak (% 31,3) industriak isuritakoak ( %
30,9) baino handiagoak dira".
Neurri berriak iragarri dituzte, bereziki kiroldegian
Kirol-instalazioetan ere energia aurrezteko egokitzapenak egingo dituzte. Gasari dagokionez, igerilekuetan uraren tenperatura gradu bat jaitsiko da (% 7ko aurrezpena) eta klimatizazio orokorrean ere neurri berean murriztuko da (beste % 7ko aurrezpena). Udalak dituen kirol-instalazio publiko guztietatik, Musakolako kiroldegia da energia eta gas gehien kontsumitzen duena, kirol-instalazio guztien % 50. Mojategik % 25 kontsumitzen du, Uarkapek % 16 eta, azkenik, Iturripek % 9.
Hala, iaz, energia elektrikoaren kontsumoa 605.808 KWh-koa izan zen Musakola Kiroldegian, 67.931,87 euroko kostuarekin eta 45.409,38 euroko kostuarekin gasean. "Gure kirol instalazioak zaharrak dira eta ez dira jasangarriak, energia asko kontsumitzen dute eta horregatik ari gara lanean Kirol Instalazioen Maparen proiektuaren baitan etorkizuneko kirol instalazio jasangarrietan", adierazi du Ander garay kirol zinegotziak. 2021ean, Iturripe Kirol Guneko argi guztiak LED sistemara aldatu zituen Udalak, 32.000 euroko inbertsioarekin. 2023an inbertsioak Uarkapeko eraikinean egingo dira, eta bertan barruko argi-energia LED teknologiara bihurtuko da. Horretarako 30.000 € bideratuko dituzte. Uarkapeko teilatuan ere panel fotovoltaikoak jarriko dituzte eta horretarako 40.000 euro inbertituko dira.
Amaitzeko, Udalak aurreratu du Gabonetako argiak pizteko orduak mugatuko dituela energia aurrezteko: abenduaren 1etik urtarrilaren 8ra 18:00etatik 22:00etara piztuko dituzte (iaz 00:00ak arte egoten ziren piztuta). "Argi guztiak iraunkorrak eta kontsumo txikikoak dira. Horren erakusgarri da iaz Gabonetako argiak guztira 604 euroko gastua izan zuela, argiteria publikoaren Gabonetako gastuaren %3,5. Halaber, urteko gastuaren %0,37 egiten da Gabonetako argiekin. Hori horrela, Gabonetako argiak eta giroa mantenduko ditugu gure kaleetan, txikienen ilusioa sustatuz eta bertako kaleak eta merkataritza biziberritzen saiatuz, baina modu jasangarri eta arduratsuan".