Ausolan, BCC Innovation, Insekt Label Biotech eta Leartiker enpresen artean Inseknior izeneko proiektua zuzendu dute. Proiektu horrek elikagai iturri alternatiboak bilatzeko asmoa du, intsektuak erabiliz horretarako. Konkretuki, Tenebrio molitor espezieko intsektuekin ari dira lanean, hirugarren adineko jendeak dituen behar nutrizionalak aseko dituen produktu gama berri bat ateratzeko. Intsektuak, gizakiaren elikadurari begira, kalitatezko proteina eta grasa iturri jasangarri eta nutrizional bezala posizionatzen baitira.
Tenebrio molitor-a, irineko kakalardo edo harrak, Europako Batasuneko kontsumorako baimena du, 2021eko hasieratik. Amaia Agirre Ausolaneko I+D departamentuko zuzendariak azpimarratu duenez, "intsektuaren kontsumoak nekazaritza elikagai katean paper garrantzitsua jokatzen du, ingurumenarekiko jasangarria delako; eta trantsizio ekologikorako beharrezkoa da. Proteinetan eta mineraletan aberatsak diren elikagai erdisolidoak lortzeko aukera ematen digute adineko jendearentzat".
Intsektu zuntz eta irinen prototipoen dastaketa
Bi urteko lanaren ostean, hiru prototipo likido, beste hiru erdisolido eta hanburgesa formatuan egindako haragi analogo baten dastaketa egin dute. Guztiak %100 tenebrio-irinez eta barazkiz eginda –erremolatxa, babarrunak, lekaleak...–. Amaia Agirrek esan duenez, plater batzuk errezeta tradizionaletan daude oinarrituta.