Joan den zapatuan bertso saioa egin zuten Urrin tabernan Asier Iriondok, Zigor Enbeitak, Manex Agirrek eta Xabi Igoak. Zapatu honetan, berriz, Mondravemer II. Mus Txapelketa egingo dute Uarkapen, 16:00etan (Izen-ematea ordubete lehenago irekiko dute).

Debagoieneko topaketa
Azaroaren 19an, bestalde, Debagoieneko Movember taldeen topaketa egingo dute, urtero moduan, Elorregin, 12:30ean. Egun berean, 19:00etan hasita, Arantza Otaduy historialariak bisita gidatua egingo du Arrasateko kaleetan, Querer es poder izenburupean. 21:00etan, azkenik, afari solidarioa egingo dute Taxka tabernan. Aurrez izena eman beharko da, ordea, mondravember@gmail.com helbidera mezu bat bidalita edo Taxka tabernan bertan.
Azken asteburua, beteta
Azaroko azken asteburuan ere hainbat ekintza egongo dira. Batetik, azaroaren 25ean, egubakoitza, Arkaitz Carracedo ikerlariak Minbiziaren ikerkuntza bizitza ulertzeko hitzaldia egingo du Aretxabaletako Lanbide Eskolan, 09:00etan.
Azaroaren 26an, berriz, mendi irteera bat egingo dute goizean, 09:00etan hasita. Ondoren, 13:00etan, talde argazkia aterako dute Herriko Plazan eta 14:30ean, Mondravember taldearen bazkaria egingo dute.
Egubakoitzetan, salmenta mahaia
Azaroko egubakoitz guztietan Portaloian izango dira Mondravemberreko kideak, 19:00etatik aurrera, jertseak, txapak eta tiketak saltzen.