Errepresioaren aurrean, antolatzen jarraituko du Debagoieneko Ernaik

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 6a, 12:54

Eskualdeko Ernaiko kideen arabera, gazteen prekarizazioak "azkartzen" jarraitzen du, eta arduradun politikoak ez dira gai gazteek dituzten arazoei aurre egiteko, errepresioa izaten delako aldarrikapenen erantzuna.

Errepresioaren aurkako eguna antolatu zuen atzo Debagoieneko Ernaik Arrasateko gaztetxean. Poteo musikatua egin zuten lehenbizi gaztetxera arte, eta Eten eta Lehen lerroa musika taldeen kontzertuak izan ziren. Alabaina, ekitaldi politikoko mezuari eman zieten garrantzia.

Izan ere, Ernaiko kideek uste dute gazteen prekarizazioak "azkartzen" jarraitzen duela, eta "ukaezina" dela gazteak "gainezka" daudela. "Gazteon osasun mentalaren kaskartzea, emantzipatzeko ezintasuna… Espektatiba ezak zein bizitza duinak garatzeko ezintasunak ondorio lazgarriak ditu gazteon artean". Argi dute "sistema kapitalista zisheteropatriarkala krisian" dagoela, hala nola gasa edo bestelako energia baliabideen falta eta eraso matxisten gorakada "bizitza eta kapitalaren talkaren areagotzearen erakusle" direla.

Dena den, haien arabera, arduradun politikoak ez dira gai "gazteek dituzten eta orokorrean gizarteak ere bizi dituen arazoei" aurre egiteko, eta, gainera, azaldu dute gazteek "bizitza duinak eta bizi eredu askatzaileak" aldarrikatzean, errepresioa dela erantzuna. Beraz, antolatu beharra defendatu dute: "Bakarturik nahi gaituen sistemaren aurrean, elite politiko eta ekonomikoen aurrean, estatu zapaltzaileen aurrean, antolatu gaitezen".

Eskuratutako dirua, isunak ordaintzeko

Jakinarazi dutenez, atzo eskuratutako dirua eskualdeko Ernaiko kide batzuek jasotako isunak ordaintzeko erabiliko dute, baina horregatik, behintzat, ez dute geldi gelditzeko asmorik. "Gazte boterea eraikiz, gazte olatu berri eta geldiezin bat abiaraziko dugula sinetsita gaudelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak