Zaldibarko luizitik hasi, gabezia taularatzeko

Hasier Larrea 2022ko aza. 5a, 09:17
Protagonistak elkarrekin, zabor itxura duen arroparen gainean bilduta (Argazkia: Ainhoa Resano).

Axut eta Artedrama konpainiek Hondamendia antzezlana aurkeztuko dute Amaia antzokian domeka honetan, hilak 6, 19:30ean hasita. Kontaketak Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko tragediatik abiatu eta pandemiaren ertzak zeharkatzen ditu.

"Gure istorioak, gure moldean eta gure hizkuntzan" kontatzeko egiten dute antzerkia elkarlanean Axut eta Artedrama konpainiek. Oraingoan, Hondamendia obrak euskal gizartea kolpatu zuen tragedia bat jartzen du mahai gainean, 2020ko otsailean bi langileren heriotza eragin zuen Zaldibarko zabortegiko luizia. "Lehen seinale indartsua izan zen konturatzeko gure mundua ez dagoela ondo eta zerbait egin beharra genuela", azaldu du Ximun Fuchsek, antzezlanaren zuzendariak.

Sentsazio hori areagotu egin zuen pandemiak: "Erabat isolatu gintuelako". Errealitate hori ere fikziora eramatea egoki ikusi zuten sortzaileek; hala ere, kontaketa 2022ko Inauterien testuinguruan amaitzea erabaki zuten, "denok elkartzeko une garrantzitsuan". Modu horretan, umorea eta goxotasuna gehitu diote Hondamendia-ri, desagertutako langileen bilaketan zein ospitaleetan lehen lerroan artatzen aritu ziren pertsona horiek zoriontzeko: "Baina baita herritar xumea ere, denok bizi izan dugulako egoera hau".

Zaborra eta gabezia

Bakardadetik elkartasunerako ideia taularatzea "eromena" izan dela dio Fuchsek. Besteak beste, bideogintzako elementuak txertatu dituzte pantailetatik jasotako gehiegizko informazioa adierazteko. Baina gabeziaren metafora da gehien landu dutena, bigarren eskuko arropekin irudikatua: "Pertsona asko hil dira eta lehengo mundua, hein batean, desagertu da. Arropak oholtzan zehar barreiatzean, bertatik hainbat bizi pasa direla eta horien gainean ibiltzen garela islatu nahi izan dugu, zaborraren itxura eman, zaborra ere badelako zibilizazio moduan uzten dugun aztarna".

Hunkitzea lortu dute

Zaldibarko tragedia gertutik bizi zutenen aurrean taularatu izan dute obra; besteak beste, Eibarren eta Markinan: "Jendeak, oro har, iruzkin eder eta hunkigarriak egiten dizkigu, eta ikusi dugu gure lanak balio duela ikusleek beraien bizipenez hitz egiteko, jasandako mina berriz josteko, nolabait".

Egiteko horretan laguntzen du pertsona arrunten larruan jartzen diren antzezlaneko aktoreen –Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Ruth Guimera...– lanak, baita Harkaitz Canok idatzi duen gidoiak eta talde teknikoak baliabide aldetik egiten duen ekarpenak ere. Norberak atzera begirako sakona egiteko balio izango du, ziur, domeka iluntzeko ikuskizunak.

Erlazionatuak

Ahaztu ezineko tragedia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022 aza 03 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak