Juan Arzamendi Musika Etxeak bi milioi euroko laguntza jaso du

Iñigo Barrena Kortabarria 2022ko aza. 4a, 15:00

Juan Arzamendi Musika Etxearen obraren bigarren zatia aurkeztu zuen Udalak Next Generation funtsetara, 2021eko uztailetik aurrera Moyua SL enpresak gauzatutakoa, hain zuzen. Hala, funts horietatik 1.902.281,59 euro jasoko ditu musika etxearen proiektua laguntzeko.

Juan Arzamendi Musika Etxea, udalaren "funts propiotetaik" ordaindutako proiektua izan dela esan du Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak, baina finantziazio iturri berriak aurkitu nahian, Espainiako Ministeritzak, otsailean zabaldu zuen Next funtsen deialdira aurkeztu zuen Arrasateko Udalak  Musika Etxearen proiektua. Azken ebazpenaren ostean, estatu osoan aurkeztu ziren 405 proiektuetatik, zortzigarren baloraziorik onean jaso du Juan Arzamendi Musika Etxeak eta horrekin batera bi milioi euroko diru laguntza. Nola ez, Udaletik "oso pozik" agertu dira bai proiektuak jaso duen ebazpenarekin, baita jasotako diru laguntzarekin ere.

Era berean, funts horietatik jasotako ia bi milioi euroko laguntzari, Santa Teresa auzoaren berroneratzerako lortutako 7,4 milioi euroak gehitu behar zaizkio. Izan ere, bi urtetan bederatzi milioi euro jaso ditu Udalak Next Generation funtsetatik.

Eraikina hornitzeko, 400.000 euro

Gutxi falta da Juan Arzamendi Musika Etxeak, eraberritua izan ostean, bere ateak berriz zabaltzeko. Urriaren 5ean egin zuten aurkezpena eta orain ekipatze lanak besterik ez dira falta. Hiru sorta esleitu dira eta bi enpresa izango dira lanak aurrera eramango dituztenak. Sorta horien kostu guztia, 401.266,89 eurokoa da.

Lehen sorta, altzariak eta osagarriak hornitzeko ardura MIAB enpresak izango du, 215.587,06 euroren truke. Bigarrena, auditorioko ekipamendu eszenikoarena, Telesonic enpresari esleitu zaio, 102.461,81 euroren truke. Hirugarren sorta ere Telesonic enpresari esleitu zaio, kasu honetan egin beharreko lanak, ikasgeletako ikus-entzunezko ekipamendua jartzea izango da, 83.208 euroren truke.

Orain, bi enpresek hamar egun izango dituzte Arrasateko Udalak eskatzen dituen dokumentazioa aurkezteko eta tramite administratiboak amaitzeko. Behin kontratua sinatuta, bi hilabeteko epea izango dute lan horiek aurrera eramateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak