Gainera, plaka fotovoltaikoak ere jarriko dituzte Santa Teresan, autokontsumo partekatuko erkidegoen eraketan aurrera egin dadin, baita hirigunean elektro-mugikortasuna bultzatzeko ekipamenduak ere. Lurralde Plangintzak 7,37 milioi euro jarriko ditu Arrasateko auzoko proiekturako, eta 96 etxebizitzatan lan egingo dela aurreikusten da.
Planari esker, "auzoetan energia-trantsizioa bultzatuko da, eraikinen eta etxebizitzen bizigarritasuna hobetuko da, eta biztanleen lan-munduratzea sustatuko da", adierazi dute Idoia Mendia Lan eta Enpleguko sailburuak eta Iñaki Arriola Lurralde Plangintzako sailburuak asteon egindako agerraldi publikoan.
Jarduketok Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek 2022-2024 aldirako onartutako Inbertsio Estrategikoen Erakundearteko Planaren parte dira. Testuinguru horretan, lehentasuna izango du auzo zaurgarrietako hiri-berroneratze integralak.
Auzootan auzo-bulegoak jarriko dituzte —Opengela Europako proiektuaren ereduari jarraikiz— eta herritarrek bulego horietan kontsultatu ahal izango dute zer laguntza dauden eta nola jardun behar den etxebizitzak berritzeko irisgarritasunaren, bizigarritasunaren edo energia-efizientziaren arloan. Auzo horietako batzuetan, proiektuak aurreikusten du eraikin publikoak birgaitzea eta, hala, auzokoentzat ekipamenduak sortzea.
Enplegurako aukerak
Lan eta Enplegu Saila arduratuko da —8 milioi euroko hasierako aurrekontuarekin— enplegurako prest dauden eta eraikuntza-sektorearen eskakizun berrietara egokitzen diren 167 pertsonaren prestakuntzaz, kontratazioaz, orientazioaz eta laguntzaz. Esperientzia hori udalerri bakoitzeko enplegu-eskatzaileei zabalduko zaie, baina, lehentasunez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaile diren pertsonei, baldin eta proiektuan parte hartzen duten udalerrietatik 50 kilometroko erradioan bizi badira eta luzaroko langabeak badira.
Zehazki, bi hilabetez jasoko dute berariazko prestakuntza, eta errenta bermaturako eskubidea jasotzen jarraituko dute, dagokienaren arabera. Ondoren, txandakako prestakuntzako 10 hilabeteko kontratua izango dute, azken lan-erreforman jasotako baldintzetan. Txandakako prestakuntza-kontratuetan, denboraren % 35 prestakuntzara bideratuko da, eta % 65 enplegura. Jaso beharreko gutxieneko ordainsaria soldata gordin osoaren % 75 izango da. Gainera, prozesu osoan orientazio, akonpainamendu, aholkularitza eta informazio profesionala izango dute, besteren konturako lana bilatzen laguntzeko.