Manuel Cruz: "Zapata-konponketekin soilik, itxi egin beharko nuke"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko aza. 5a, 09:53

Manuel Cruz, giltza baten kopia egiten, Kalealdea kaleko 2. atarteko dendan. (Argazkia: I.A.A.)

Sarrailagintza eta zapata-konponketak haren ogibideak badira ere, dantza latinoen irakaslea da Manuel Cruz; asteburuetan, ahal duenean, bizikletan ibiltzera joaten da.

Extremaduran jaioa da Manuel Cruz, baina 8 urte zituela Ermura joan zen bizi izatera, familiarekin. Kanpoan lanean aritu ostean, ezkondu, eta dagoeneko 40 urte daramatza Arrasaten; horietatik 27, haren negozio Takoi Sarrailagintzan. Zapata konponketekin hasi zen, eta duela 10 urtetik sarrailagintzarekin uztartzen du.

Zer dela-eta zabaldu zenuen denda?

Costa Bravan egon nintzen lanean zortzi urtez. Ezkondu, eta hona etorri nintzen. Aitaginarrebak irakatsi zidan zapatagile ogibidea Aterpen lanean ari nintzen bitartean. Bergarako Ehunetan ere ez zidaten kontratu finkorik egiten, eta konponketa denda jartzea erabaki nuen. Gero, giltzen kopiak egiten hasi nintzen. Ondoren, sarrailak jartzen hasi nintzen. Logroñon, Zaragozan eta Madrilen sarrailagintza ikastaroak egin eta aseguru-etxe batentzat lanean hasi nintzen 24 orduko larrialdi zerbitzua eskainiz, nire negozioaz gain.

Zer duzu nahiago, sarrailagintza ala zapatagintza?

Biak. Sarrailagintzan beti zerbait ezberdina dago egiteko. Giltzen eta sarrailen munduan sartu nintzenez, gaur egun badaukat lana. Zapata-konponketekin soilik itxi egin beharko nuke.

Zein dira sarraila egokiak lapurretak ekiditeko?

Urrutiko aginteekin dabiltzan sarraila ikusezin asko ari gara jartzen. Lapurrak kanpoan dagoena ikusten du, baina barrukoa ez. Kanpokoa hautsi arren, ezin du sartu. Bi sarraila dituzten etxeetan ere lapurreta gutxi ikusi ditugu.

Ohiko arazoak zein izaten dira?

Giltzak barruan uztea. Askotan, gainera, zerbait piztuta uzten dute sukaldean. Lehentasuna ematen zaie halako egoerei.

Lanetik gehien gustatzen zaizuna?

Bezeroekin dudan harremana. Oso berritsua naiz, eta jendearekin dudan tratua oso ona da. Lanean arduratsua izatean saiatzen naiz, eta bezeroak ondo tratatzen. Arazoren bat badago, beti konpontzen saiatzen naiz.

Ze zaletasun dituzu?

Dantzaria naiz. Dantza latinoko eskolak ematen ditut. Asteburuetan, ahal dudanean, bizikletan ibiltzen naiz. Urtean zehar ere astebetetxo bat hartzen dut ibilbide luzeren bat egiteko. Donejakue bideko zortzi ibilbide egin ditut; baita Ruta de la Plata ere.

Esaten da euskaldunak dantzarako orduan nahiko geldiak garela.

Asko aldatu da hori, jendeak asko dantzatzen du. Geroz eta latino gehiago daude, eta asko nahastu gara. Tabernetan, lehen, bachatarik edo saltsarik ez zen entzuten. Orain, ordea, edozein tabernatan jartzen dute.

Atea zabaldu aurretik, egiaztatu

"Ezin ditut ateak besterik gabe zabaldu. Aseguru bidez noanean, aplikazioak baieztatzen dit bezeroa nor den. Bestela, edozein zalantza badut, bizilagunari txirrina jotzen diot, eta horrela egiaztatzen dut pertsona hori hor bizi den. Bestela, nortasun agiri zenbakia ematen didate, baimena sinatzen didate, eta, horrela, arazoren bat badago, poliziari erakutsi diezaioket. Gauez bada, beti deitzen diot poliziari, deitzen duenaren bizitokia egiaztatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak