2015-2019ko agintaldian sartu zen Arrasateko Udalean Eva Abuin (Arrasate, 1993), zinegotzi, eta 2021 hasieran Igor Urizar ordezkatu zuen, hark karguari uko egin ostean. Era berean, maiatzeko udal hauteskundeei begira, alkategai izateko hautagaitza aurkeztu du Podemos Arrasateren barne prozesuan.
Nola definituko zenuke agintaldiak orain arte emandakoa?
Gobernuaren immobilismoa eta inprobisazioa. Immobilismoa, adibidez, pandemian ez zuelako herritarrek behar zuten babes sarea sortu; plataforma herritar batek egin zuen Udal Gobernuak egin behar zuen lana, konfinamendu egoeran zeuden herritarren oinarrizko beharrak asebetez. Inprobisazioa, aldiz, kudeaketa osoa behin-behinekoa delako: Zalduspeko autobus geltokia, anbulatorio ondoko aparkalekuak...
Nola baloratzen duzu Udal Gobernuaren kudeaketa?
Gobernu taldearen akatsik handiena da ez duela onartzen gaizki egindakoa, nahiz eta agerikoa izan, eta ez du hori egokitzeko gaitasunik. Uste dut herritarrek eta oposizioko alderdiok ez dugula tratu hau merezi.
Zertan asmatu du Gobernuak?
Gazteen alokairuen laguntzaren ekimena aipatuko nuke. Ideia bezala ondo dago, baina laguntza lerro hau ez da nahikoa. Gure ustez, herritar gehiagori zabaldu beharreko laguntza da, eta, gainera, aurreko agintaldikoa.
Eta zertan huts egin du?
Batzuk aipatzearren, ez ditu kontuan hartu bere botoekin inposatu duten TAO sistemaren aurka aurkeztu diren sinadura eta emendakinak. Halaber, azpikontratatutako hainbat zerbitzuren eta langileen lan-gatazken kudeaketan ere ez du asmatu; esaterako, herribusarenean edota lorezainen eta Aita Menniko langileen gatazketan.
Arlo sozialean gabezia handiak daudela salatu izan duzue.
Gobernuak dio Udala "zero zor" egoeran dagoela, baina hori da herritar askoren bizi baldintzak okertzearen truke. Gure herrian familia eta pertsona asko egoera prekarioan daude. Egoera hauei aurre egiteko fiskalitate eredua aldatu behar da; adibidez, ordenantza fiskaletan gehiago daukatenei zergak eta tasak igoz eta aurrekontuetan, gutxiago dutenentzako laguntza eta programa berriak martxan jarriz.
Aterpetxe sozial baten beharra ere askotan aldarrikatu izan duzue.
Arrasate bezalako herri batean halako baliabiderik ez egotea oso larria da. Ez bakarrik Arrasatetik igaro eta gau bat edo bi aterpe gabe kalean lo egin behar dutenentzat. Arrasateko edozein bizilagun kalean geratzen bada, Udalak ez dauka prestatuta kasu hauetarako baliabiderik.
"Arrasate bezalako herri batean aterpetxe sozialik ez egotea oso larria da"
Feminismora bidean, zer lortu da?
Emakume Txokoan lan egiten duten langileen lan bikainari balioa eman nahi diot. Halere, feminismoa ez da izan Gobernuaren lehentasuna. Gainera, aurreko agintaldian EAJk eta agintaldi honetan PSE-EEk hitza eman zuten beste kokaleku bat eman behar ziotela Emakume Txokoari. Zortzi urte igaro dira eta ez da gauzatu lekualdaketa.
"Zortzi urte pasatu dira Emakume Txokoa lekuz aldatuko zela hitz eman zutenetik, eta oraindik ez da gauzatu lekualdaketa"
TAO sistemaren gestioaren aurka azaldu zarete hasieratik.
Ez dira kontuan hartu herritarren ekarpenak. Parte-hartzea ausazko herritar talde batekin definitu zen, eta gardentasunik gabe. Gero, 4.000 sinadura eta 400 emendakin aurkeztu dituzte herritarrek, baina Gobernuak ez ditu kontuan hartu.
Ze TAO sistema ezarriko zenukete Gobernuan bazeundete?
Gure alderdiaren apustua da benetako parte-hartzea herritarrekin batera martxan jartzea eta bukaera erreferendum batekin erabakia hartzea.
Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxea bukatuta daude.
Gobernuak zortzi urte eta bi agintaldi behar izan ditu hauteskunde promesak kudeatzeko. Hasieratik esan izan dugu proiektu horietan falta dena dela edozein herritarrek erabilera askotariko gelak aurreikustea.
Porlana eta adreilua lehenestea leporatu izan diozue Gobernuari.
Bai, horretan oinarritzen direlako haien proposamen izarrak. Ezin ahaztu, ordea, hauteskundeetan aurkeztu zuten aurreproiektu faraonikoa ez dutela gauzatu: kiroldegia.
Zertan eragin du Podemos Arrasatek agintaldi honetan?
Gobernuarekin elkarlana ez da posible izan, eta, askotan, inpotentzia handia eragiten du horrek; esaterako, bizilagunak niregana etortzen direnean eta ezin diedanean lagundu, egoera horietan Gobernuarena delako erabakia. Bestalde, gure emendakinak ez dituzte inoiz onartzen. Argi dago EAJk eta PSE-EEk ez daukatela oposizioko alderdiekin elkarlana sustatzeko interesik, baina gu gure ikuspuntu soziala, feminista eta ekologista mahai gainean jartzen saiatu izan gara etengabe, bestaldean entzungor izan arren.
Maiatzean alkategai izateko zure hautagaitza aurkeztu duzu.
Alderdian primarioak azaroaren 4an bukatzen dira militanteen bozketa bidez. Halere, oraindik herriko pertsona erreferenteak zerrendan gehitzeko prozedura irekiko dugu laster, baita hauteskunde programa hainbat herritarrekin eta kolektiborekin eraikitzeko bidea ere.
Elkarrekin Arrasate koalizioa etenda dago. Badago aukerarik berriro Ezker Anitzarekin elkartzeko?
Momentu honetan, Ezker Anitzarekin geneukan elkarlana etenda dago. Etorkizunean, bi alderdietako militantziak erabaki beharko du zer egin.