Gure ortua gaztetxoen ideiak aintzat hartuz elkarlanean garatutako egitasmoa da. Arrasateko Santa Marina ludotekan jarri zuen martxan Arrasateko Udalak 2018an.
Azken urteetan ludotekako txokoak definitzeaz eta lantzeaz gain, ortu bat sortu eta mural bat margotu dute, haurrekin egindako prozesu parte-hartzaile bat dela medio. Orain, lokatz-gunea eta belardiko jolasak prestatu dituzte, haurren eta gaztetxoen gozamenerako.
Maitane Muñoz Goikoetxea Garapen Komunitarioko zinegotziak nabarmendu du "proiektuaren lehenengo urratsa 2018-2019 ikasturtean" egin zela: "Konturatu ginen ludotekako kanpo espazioak eraldaketa premia zuela. Grisa, hotza eta hezea zen espazioa argitsua, beroa eta haurren nahietara egokitua izateko asmoz heldu genion lanari haurrekin batera. Bi helbururekin: bata, espazioa berroneratzea eta haurren gozamenerako egokitzea; eta bigarrenik, haurrak prozesu horren parte bilakatuta egitea bide hori, heziketan pausoak emanez".
Helburuak lortzeko, parte-hartze prozesua ireki zuten. "Plano baten gainean diseinatu genituen txokoak, bakoitzaren arauak, beharrezko materiala… Luzea izan da, baina emaitza ezin hobeak eman ditu", gaineratu du zinegotziak.
Udaleko obra lantaldearekin batera zehaztu zen egin beharreko lana lokatz-gunean zein belardian: argiztapena, kanpora irteteko atea, ortua, eszenatokia… etorri ziren jarraian. Lokatz-gunean egurrezko hesiak jarri dira, sokaz osatutako egurrezko zubia, harearekin jolasteko txoko bat eta eskalatzeko beste txoko bat eraiki dituzte.
Amaia Arregi ludotekako koordinatzailearen ustez, "proiektuaren berezitasun nabarmena da haurrak parte izan direla. Polita izan da duela lau urte proiektuaren hasiera bizi izan zuten eta gaur egun erabiltzaile izaten jarraitzen duten haurrek emaitzaz gozatu ahal izatea."