Santamasetako artisautza ferian postua jartzeko izen-ematea ireki dute

Hasier Larrea 2022ko urr. 26a, 12:07

Azaroaren 15a baino lehenago bete beharko da eskaera orria, Komisiñoaren webgunean, udal webgunean edo BAZen. Gonbidatuta daude, beraz, arrasatear eta debagoiendar artisau guztiak abenduaren 22ko feria berezian parte hartzera. Arrasateko Udaleko Kultura Sailak, halaber, postuak jartzea aginduko dituzten arauak prestatu ditu.

Biteri plaza

Biteri plazan nekazaritzako elikagaiak saltzeko postuari dagokionez, aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira: nekazaritza ustiatzeko txartela , osasun erregistroa, janari erabiltzailearen agiria, eta salgaiaren arabera legez eskatu daitezkeen agiriak. Gehienez 60 saltoki aukeratuko dira, eta lehentasuna izango dute herriko, eskualdeko eta/edo EAEko ekoizleek.

Aukeratutako saltoki bakoitzak 32 euroko tasa ordaindu beharko dute udaletxean abenduaren 6a baino lehen. Arrasate, Debagoiena eta Aramaioko ekoizle/egileak salbuetsita egongo dira ordaintzetik.

Seber Altube

Seber Altube plazan baserriko elikagaiak saltzeko postuari, eta herriko saltokien eta barazki eta fruta lehiaketari dagokionez, bertako partaidetza esklusiboa izango da: soilik herriko saltokien eta fruta eta berdura lehiaketetan izena ematen duten ekoizleak, eta Arrasateko ekoizleak hartu ahal izango dute parte. Etxean bertan egin edo ustiatutako baserriko produktuak bakarrik aurkeztu ahal izango dira, eta ez da onartuko produktu industrialeko unitateen parte hartzea.

Lehiaketari dagokionez, hiru egongo dira: herriko saltokiena, barazki saltokiena eta fruta saltokiena. Sariak emateko erabiliko diren irizpide nagusiak kalitatea, kopurua eta aurkezteko modua izango dira. Sari ekonomikoez gain, irabazleak garaikurra ere jasoko du. Bestalde, barazki ekologikoak osatutako saltoki onenak ere saria jasoko du, eta, epaimahaiak hala erabakitzen badu, baserrian eskuz egindako ogia ere saritua izango da.

Talo postuak

Talo eta antzeko euskal produktuen saltokiei dagokionez, postuak esleitzeko irizpideak hauek izango dira, ordena honetan: antzinatasuna Santamas azokan, saltokiaren ezaugarri teknikoak, euskararen erabilera, produktu mota eta postua jai girora egokituta egotea. Gehienez sei saltoki baimenduko dira.

Postuaren tamaina saltoki bakoitzaren araberakoa izango da, baina aukeratutakoek 16 euro ordaindu beharko dute m2 bakoitzeko abenduaren 13a baino lehen. Ez dira baimenduko 10m2 baino azalera txikiagoa duten saltokirik. Ordainketa Udaletxean egin beharko da.

Dagokion tasa ordaintzeaz gain, euskararen erabilera ere garrantzitsua izango da. Saltokian jarriko diren karteletako testua eta produktuen izena euskaraz egon beharko dira, edo, bestela, euskaraz eta gaztelaniaz.

Irabazi asmorik gabeko talo postuak

Irabazteko asmorik gabeko Arrasateko erakunde eta taldeek txistorra, talo eta edarien salmenta postuak hainbat kokapen izango ditu: bi toki Olarte kalean, eta toki bana Seber Altube plazan, Arbolapetan eta Garibai Etorbidean. Kasu honetan, kanpo geratuko dira, jai egitarauari loturik daudelako, Arrasateko plazan kokatu ohi diren bi talo postuak.

Azaroaren 15erako aurkeztutako eskaera kopurua baimendutako saltoki kopurua (5) baino handiagoa bada, zozketa egingo da baimenduko diren saltokiak zehazteko eta hauen kokalekua finkatzeko. Zozketa hilaren 25ean egingo da. www.arrasate.eus-en kontsultatu oinarriak bere osotasunean.

Edozein zalantza argitzeko deitu  943 25 20 08 telefono zenbakira edota idatzi kultura@arrasate.eus helbidera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak