Aritz Murua: "EAJrekin batera, lortzen ari gara gure helburuak"

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko urr. 26a, 10:05

Aritz Murua, Arrasateko sozialisten bozeramailea, 'Ekobulebar'-ean.

2019an hasi zuen ibilbidea Arrasateko Udalean Aritz Muruak (Arrasate, 1978), zinegotzi. Aurtengo udaberrian sozialisten bozeramaile kargua hartu ostean, haien alkategaia izango da datorren udaberriko udal hauteskundeetan.

Agintaldiak orain arte eman dituen hiru urteak nola baloratzen dituzu?

Egia esan, uste dut oso agintaldi ona izan dela. Hiru urte hauetan arrasatearren onura ekarri duten hainbat gauza lortu ditu Udal Gobernuak. Esaterako, auzo garaietarako irisgarritasuna hobetzea lortu dugu, igogailu sistemen bitartez, Makatzenan eta Erguinen. Bi horiez gain, halaber, Santa Marinako igogailuen proiektua ere aurrera doa. Bestalde, haurren hainbat jolas-parke eraberritu ditugu; Legarrakoa eta Uribekoa, besteak beste. Azkenik, LED argiteria ezartzen jarraitu dugu.

Nola eragin du pandemiak Udal Gobernuaren kudeaketan?

Pandemia oso golpe gogorra izan da guztiondako eta baita Gobernuaren kudeaketarako ere. Proiektuak egokitu behar izan ditugu eta pandemia egoerara moldatu behar izan dugu, zaurgarrienendako dirulaguntza lerro berriak sortuz. Sozialistok bigarren agintaldia duzue segidan Gobernuan, EAJrekin batera. Nolakoa izan da bi alderdi politikoen arteko harremana? Oso erraza izan da elkarlanean aritzea. PSE-EEk urte luzeetako esperientzia dauka askotariko alderdiekin adostasunak lortzen. Are gehiago, aldebakarreko lanaren ordez, irtenbide eta soluzio aberasgarriak eskaintzen dituzten alderdiekin adostasunak lortzen ohituta gaude.

Nola baloratzen duzu oposizioak hiru urteotan egin duen lana? Nolako harremana izan duzue EH Bildurekin eta Podemos Arrasaterekin?

Uste dut oposizioak dagokion lana egin duela; hau da, ados ez dagoen hori guztia kritikatu. Harreman pertsonalari dagokionez, adeitsua eta elkarrizketan oinarritutakoa izan da.

Zein da PSE-EEk Gobernuan jokatzen duen rola? Konforme zaudete ala protagonismo handiagoa izan beharko zenuketela uste duzue?

Alderdi sozialista Gobernuko bazkide minoritarioa izan arren, talde bakarra izango bagina bezala egin dugu lan, eta, protagonismorik ez dugula dirudien arren, gure helburuak lortzen ari gara, zalantzarik barik.

Hasierako proiektuarekiko aldaketa handiekin, baina gauzatu da Ekobulebar-a ere. Nola baloratzen duzue? Ze abantaila ditu orain?

Arrasateko etorbide nagusia oinezkoendako izatea modu positiboan baloratzen dugu, hainbat abantaila baititu. Batetik, dagoeneko ez dira erdigunetik pasatzen lehen egunero pasatzen ziren 320 autobusak eta bestelako ibilgailuak. Bestetik, herritarrendako leku atseginagoa da orain. Herriari bizitza ematen dio Ekobulebar-ak, gune humanoagoa baita, sozialagoa.

"Garibai etorbidea oinezkoentzako izatea positiboa da, 'Ekobulebar'-ak hainbat abantaila ditu

2019an, agintaldi hasieran, zein zen PSE-EEren helburu nagusia?

Autobus geltoki intermodala sortzea, herri barruko zein herrien arteko garraio publikoa eraginkortasunez kudeatzea ahalbidetuko zukeena.

Bete da helburu hori?

Neurri handi batean, bai.

Oro har, alderdi sozialistaren aurreikuspenak bete dira?

Pandemiak gure lana baldintzatu duen arren, genituen aurreikuspen gehienak bete ditugu.

Zertan asmatu du Udal Gobernuak?

Next Generation funtseko dirulaguntzak eskatzean. Dirulaguntza horiek asko lagundu digute proiektuak modu egokian aurrera eraman ahal izateko, eta oso lagungarriak izango dira datozen urteetan ere.

Eta zertan huts egin du?

Uste dut ez garela gai izan TAO sistema modu argian eta gardenean herritarrei azaltzeko. Hobeto egin genezakeen hori.

"Ez gara gai izan TAO sistema modu argian eta gardenean herritarrei azaltzeko"

Obra, Zerbitzu, Mantentze eta Auzoen Saila da zuek kudeatzen ari zaretenetako bat. Ze esku-hartze nabarmenduko zenituzke?

LED argiteriara aldatzen ari da Arrasate, eta horrek ahalbidetzen digu argiaren fakturan aurreztea, era berean, ingurumenari lagunduz, CO2 gasen isuriak jaitsiz. Horrez gain, udal langileendako ibilgailu elektriko bat erosi izana ere nabarmenduko nuke, baita herriko autobusak gasoliotik petrolio gas likidotura pasa izana ere.

Berdintasun Saila da zuek kudeatu duzuen bestea. Zertan jarri duzue fokua? Zer geratzen da egiteko?

Agintaldi honetako lorpen garrantzitsuena izan da aho batez onartu izana Indarkeria Matxistari aurre egiteko II. Tokiko Plan Integrala. Hala ere, oraindik lan handia dugu egiteko, Arrasate edozein motatako indarkeriarik gabeko herria izan dadin.

Orain, zu zara alderdi sozialistaren bozeramailea Arrasateko Udalean. Orain arte, Victoriano Fuentesek izan du ardura hori. Zeri zor zaio aldaketa hori?

Jende askok egin digu galdera bera. Victorianok alderdiko antolakuntzako idazkari kargua hartu du Arrasaten eta horrek denbora dezente kentzen dio. Beraz, bozeramaile kargua nik hartzea erabaki genuen.

Nola hartu duzu ardura berri hori?

Ilusio handiarekin, egia esan. Arrasatearren ongizatea lortzeko lan egingo dut, haien beharrizanak kontuan izanda eta haiengana iritsita.

Udal hauteskundeetan zu izango zara sozialisten alkategaia?

Bai, noski. Ardura hori hartu dut eta konpromiso irmoa daukat Arrasateren eta arrasatearren alde lan egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak