Familiako negozioari eman dio jarraipena Alberto del Hoyok. Aita eskaiolaren maisua dela diote, edozer egiten baitzuen igeltsuarekin. Duela 28 urte murgildu zen igeltsuaren munduan. Hainbat familia-enpresaren ostean, 2005a ezkero Escayolas del Hoyo SL enpresan dihardu, eta urtebete geroago batu zen taldera emazte Ana Pilar Baños, administrazio lanetan aritzeko.
Alberto, zure nahia aitaren pausoak jarraitzea zen?
Nire bokazioa mekanikaria izatea zen. Azkenean, laguntzeko eskatzen zidaten tarteka, eta ikasten joan nintzen. Gero, Decoraciones del Hoyo enpresan gauzak okertzen hasi ziren, eta alde egin nahi nuen. Orduan, aitak nirekin zetorrela esan zuen, eta horrela jarraitu genuen.
Ana Pilar, zu lanean Gasteizen. Asko kostatu zitzaizun aldatzea? Kontratu mugagabea nuen, baina Arrasaten bizi gara. Ez da gauza bera oinez lanera etortzea edo autoa hartu beharra izatea. Ez naiz damutzen hartutako erabakiarekin.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzue?
Igeltsua, zarata isolamenduak, sute-babesak... Azken hori pabiloi handietan ari gara asko egiten, lege berria dela eta. Upategientzat eta herriko tabernentzat ere egin dugu lan. Lehen, gure tailerrean geuk egiten genituen piezak, baina orain, biltegietan eskatzen dugu. Instalatzaileak gara. Sabaiaren mundua oso ezezaguna da. Mila eratako sabaiak daude.
Bezeroak zorrotzak dira?
Orokorrean, bai. Egia da Arrasateko negozioa izanik nahi baino eskari gutxiago jasotzen ditugula hemendik. Aretxabaletan, Bergaran eta Eibarren, esaterako, asko egiten dugu lan. Beste herriekin alderatuta, gutxien lan egiten dugun herria da Arrasate. Ikusi dugu arrasatearrek nahiago dutela kanpoko enpresa bat kontratatu.
Pladurra ala igeltsua?
Ezberdinak dira. Zertarako nahi dugun ikusi behar da. Pladurrak prestazio akustiko hobeak dauzka; beraz, bulego edo taberna baterako egokia da. Etxe baterako, berdin dizu zein jarri. Egia da eskaiola merkeagoa dela, baina, agian, errazagoa da pitzadurak ateratzea.
Asteburuetarako plan berezirik?
Ana Pilar Bilarkoa (Araba) da, eta, nire gurasoak ere han daudenez, hara joaten gara. Familiarekin eta lagunekin egoten gara. Gainera, Ana Pilarren etxekoek mahastiak dituzte, eta azken hilabetean mahats-bilketarekin nahastuta ibili gara.
Arrasateko lekurik gustukoena?
Santa Barbara. Pandemian dragoiari bisita asko egin dizkiogu.
Ospitalea Maurizio uharteetarako
"Maurizio uharteetan dagoen GKE batek ospitalea egiteko eskatu zuen. Goierriko Mankomunitateak babesa erakutsi zion, eta, hortaz, iaz, 26 edukiontzi —moduluak— egin genituen Zumarragan. Gainera, xehetasun guztiak zeuzkaten. Gero, horiek itsasontziz eraman zituzten, Santandertik. Ondoren, Maurizion moduluak elkartu eta ospitalea osatu zuten. Imajinatu, hiru modulu ebakuntza-gela osatzeko, bat ginekologia-gelarako...".