25. urteurrena ospatuko du Zahar-Berrik bihar eta etzi

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko urr. 19a, 15:36

AEDko Zahar-Berri mintzapraktika egitasmoak 25 urte betetzen ditu aurten eta, hori ospatzeko, hainbat ekintza egingo dituzte bihar eta etzi. Bihar, mintzodromoa, txokolate dastaketa eta tonbola egingo dituzte eta etzi, berriz, ospakizun ekitaldi nagusia, 18:00etan, Kulturateko areto nagusian.

Bi egunetan banatuko dituzte 25. urteurreneko ospakizunak. Batetik, bihar, eguena, mintzodromo bat egingo dute, txokolate dastaketarekin batera, Kulturateko areto nagusian. Bi saio egingo dituzte, 10:00etan eta 18:00etan. "Gai interesgarri batzuk jarriko ditugu mahai gainean eta, lauzpabost pertsonako taldeetan, gai horiei buruz eztabaidatuko dute mintzalagunek. Biharkoan, zehazki, hiru gai egongo dira eta ikusiko dugu zer ateratzen den hortik", adierazi du Nerea Zugasti Zahar-Berri egitasmoko dinamizatzaileak. 

Horrez gain, tonbola ere jarriko dute eta hainbat sari ere banatuko dizkiete aurtengo kanpainaren leloa asmatzen dituztenei. 

Egun handia, egubakoitza

Egubakoitzean, berriz, ospakizun nagusia egingo dute, hori ere Kulturateko areto nagusian, 18:00etan. Aurkezpen txiki bat egingo dute lehenik eta, ondoren, Zahar-Berrin parte hartzen dutenen artean, "hainbat sorpresa" egongo direla aurreratu du Zugastik. Sorpresendako tartearen ostean, antzerkiaz gozatzeko aukera egongo da, izan ere, Olatz Pagaldaik Erdaldun berrien kluba antzezlana eskainiko du. Bukatzeko, luntxa egingo dute. 

Urteurren borobilaren aitzakiarekin, halaber, bideo bat grabatu gura dute ikasturtean zehar, 25 urteko laburpen bat egiteko, mintzalagunen testigantzak jasota. 

25 urteko ibilbidean egitasmoan parte hartu dutenei abisatzen saiatu direla aitortu du Zugastik, ospakizunetan parte hartu ahal izateko. "Gure asmoa da ahalik eta mintzalagun gehienek parte hartzea, baina ez da erraza denengana iristea", gaineratu du.

Bidelagunak eta bidelariak

Egitasmoaren funtzionamenduari dagokionez, bidelagunek eta bidelariek osatzen dute. Hau da, bidelaguna da taldea koordinatzen duena, normalean euskaldun zaharra izan ohi dena, eta bidelariak, berriz, euskara praktikatzea gura dutenak dira, euskaldun berriak direlako edota euskara ahaztuta daukatelako eta berreskuratzea gura dutelako. "Helburua da praktikatzea nahi eta bere inguruan horretarako aukerarik ez duenari aukera bat eskaintzea", dio Zugastik. 

Izen-ematea, zabalik

Hasi berri duten ikasturte honetan, Euskal Herri mailan, 7.000 mintzalagun inguru daude. Arrasateri dagokionez, 75-80 bat dira mintzapraktika egiten dutenak, hamasei taldetan banatuta. Hala ere, jende gehiagorendako lekua ere badutela aitortu du Zahar-Berriko dinamizatzaileak.

Izen-emate kanpaina irekita dute oraindik eta interesa dutenek bi bide dituzte horretarako: 943 77 12 28 telefono zenbakira deitu edo zaharberri@aedelkartea.eus helbidera idatzi.

Bidelagun zein bidelari berriak ongi etorriak izango direla nabarmendu du Zugastik. "Edozeinek hartu dezake parte mintzapraktikan. Hala ere, euskaraz hitz egiteko gai izan beharko da. Batzuetan etortzen zaigu jendea ez dena gai euskaraz hitz egiteko. Beraz, horiei gomendatzen diegu lehenengo euskaltegian ikas dezatela, gutxieneko maila bat lortu arte, eta gero etor daitezela gurera, besoak zabalik hartuko baititugu".

Donostiako mintzalagun taldea, eredu

Esan moduan, AED elkartearen baitan sortu zen Zahar-Berri egitasmoa, duela 25 urte. Aurten 30 urte beteko dituen Donostiako mintzalagun taldearen esperientzia eredutzat hartuta, Arrasaten ere antzeko zerbait martxan jartzea pentsatu zuten. Hala ere, berba taldeen dinamikara ez mugatzeko, ekintzak gehitzea erabaki zuten AEDko kideek, herriarekiko zubi bat eraikitzeko asmotan, eta, beraz, solasaldiez gain, hainbat irteera eta ekintza ere egiten hasi ziren.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak