75 urtek askotarako ematen dute eta, Arrasateko lehenenetariko elkarte gastronomikoa izateaz gain, herrian ekarpen esanguratsua egin duen elkartea da Udalpe. Belaunaldi berrietako arrasatearrek agian ez dute jakingo, baina gaur egun San Juan jaietan hain funtsezkoa den danborrada Udalperi zor zaio. Bazkideek azaltzen dutenez, Arrasaten bizi zen Jose Markiegi jostun eibartarrak faltan nabaritzen zuen ikuskizun bat San Juan bezperan eta, buruari bueltaka, Donostiako danborradaren antzeko bat egitea pentsatu zuen. Udalpe elkarteak bere gain hartu zuen Markiegik egindako proposamena, Pablo Garai eta Jose Egidazu Casino-ren gidaritzapean. Modu horretan, 1961ean egin zuten lehen danborrada Arrasaten, jantziak Donostian alokatuta.
Lehen bost urteetan, Luis Mari Maidagan izan zen danbor-jotzaile nagusia. Jose Luis Mendietak hartu zion lekukoa gero eta Rafa Fernandezek hartu zuen ardura hori beste hainbat urtez. Azken hori danbor-jotzaile nagusi izan zen lehen urtean, 1967an, hain zuzen, Udalpek banatu egin zuen danborrada antolatzeko ardura eta SUDC elkartea hasi zen horretan. Esan behar da, hala ere, SUDCen barruan zegoela Udalpe, San Isidro, Danok-Bat eta Casinorekin batera. Garai hartan, elkarteko bazkide zen Juan Arzamendik zuzendutako udal bandak laguntzen zuen danborrada eta, bandarekin batera, barril-jotzaileak, gastatzaileak, sukaldariak eta karrozak ere irteten ziren.
Udalperen ereserkia birmoldatu egin dute, abesbatzarako
Ez da horren ohikoa elkarte gastronomiko batek ereserkia izatea. Udalpek, ordea, badu berea; eta ez bat, bi baizik. Bat danborradarako sortutakoa da, letrarik gabekoa eta bestea, elkartearen ereserki ofiziala, Pedro Ugaldek konposatutakoa eta Iñaki Eizmendi Basarri bertsolariak letrak jarri zizkiona. Ugaldek, pianoarekin eta ahots bakarrarekin kantatzeko konposatu zuen ereserkia. Orain, Nestor Maidaganek moldatu egin du abesbatzarako, lau ahotsetara abestu ahal izateko. Hala, urriaren 21ean, egubakoitza, jendaurrean estreinatuko dute ereserkiaren moldaketa berria eta Goikobalu Abesbatza arduratuko da horretaz, Iñaki Maidaganen zuzendaritzapean. 19:30ean Portaloian hasita, kalez kale ariko dira kantuan eta 20:30ean, Udalpe elkartearen kanpoaldean, ereserkia abestuko dute. Horren aurretik, baina, ereserkia grabatzeko asmoa ere badute. Izan ere, ez daukate inon jasota grabaziorik, partiturak eta letrak bakarrik dituzte, eta ondo jasota geratzea gura dute. Azkenik, urriaren 22an, zapatua, 75. urteurreneko bazkaria egingo dute elkartean eta 30 bat lagun elkartuko dira.
Muxibar jatetxean jaio zen ideia
Toribio Agirre kaleko 14. zenbakiko lokalean hasi zuen bere bidea Udalpe elkarteak, garai hartako El Caserio tabernaren ondoan (Olarte kalean). Elkartearen sortzaileak Zarugaldeko Muxibar jatetxean elkartzen ziren eta Florencio Garay izan zen sustatzaile nagusietakoa. Bazkide sortzaileak 30 izan ziren eta lehen presidentea, aldiz, Florencio Garay bera. Orduko hartan, bi elkarte bakarrik zeuden Arrasaten. Batetik, Casino, Arrasateko eliteari zegokiona eta, bestetik, Danok-Bat, erdi-mailako klasearena. Bi horien arten, bere bidea irekitzen hasi zen Udalpe ere.
Lekualdaketa Iturriotz kalera
Hamaika urte Toribio Agirre kalean egin ostean, elkartearen egoitza lekuz aldatu behar izan zuten. Pablo Garai presidente zela, lokala erosteko ideia irten zen batzar orokorrean, izan ere, alokairuan egon ziren ordura arte eta lokala Elorrioko albaitari batena zen.
Hala ere, lokala erosteko proposamena ez zitzaion batere gustatu, antza, Udalpekoek aurrez ez zutelako erosterik gura izan. Beraz, lokaletik bota egin zituen eta bazkideek lokal berri baten bila hasi behar izan zuten. Bilaketa lan luzearen ostean, Maza familiari erosi zioten egungo lokalaren lehen zatia, Iturriotz kaleko 2. zenbakia (gerora 4.a ere eskuratu zuen elkarteak). Hala, 1958ko ekainaren 22an inauguratu zuten lokal berria.
2016ko obra, inflexio-puntua
Zarata zela eta, bizilagunek kexa asko jartzen zituzten udaletxean. Hori dela eta, bazkide batzuek lekuz aldatzea gura zuten eta beste batzuek, aldiz, akustikoki isolatzea. Azkenean, bigarrenaren alde egin zuten eta, 2016an, guztiz eraberritu zuten lokala, akustikoki isolatuz, "horretarako aukerak oso zailak" ziren arren, Haritz Arrieta bazkidearen esanetan. "Isolamendu akustikoaz gain, leihoak beti itxita izan behar ditugu eta sistema berezi bat dugu lokala aireztatzeko. Gainera, gehienezko edukiera ere mugatuta daukagu, 99 pertsona egon daitezke gehienez barruan".
Obra egiteko, baina, diru bat ordaindu behar izan zuten eta bazkideetako askok utzi egin zuten elkartea, 260 inguru izatetik 150era pasatuz.
Urte askotan, gizonezkoen eremua
Egun, emakumezko bazkideak ere badaude Udalpe elkartean, baina duela gutxira arte, bazkide guztiak gizonezkoak ziren. "Lehen, emakumezkoak kasu puntualetan bakarrik sartzen ziren elkartera, Gabonetan, Inauterietan edota San Juan jaietan", adierazi du Eli Alzolak, duela 49 urtetik bazkide denak. 80ko hamarkadan, hainbat bozketa egin zituzten emakumezkoak elkartera sartu ahal izateko eta gehienetan ezezkoak irabazten zuen. "Hala ere, asko kostata, baina lortu genuen emakumezkoak elkartera sartu ahal izatea". Hori 90eko hamarkadan izan zen eta geroago etorri zen emakumeek bazkide izateko aukera, 2000ko hamarkada bukaera aldera.
Bazkide berriendako lekua
Garai bateko bizitza eta etengabeko mugimendua galtzen ari dela aitortu dute bazkideek. "Lehen, egunero etortzen ginen elkartera eta beti zegoen jendea", dio Alzolak. "Batek perretxikoak ekartzen zituen, besteak odolkiak eta besteak ortuko produktuak. Guztiendako bazkari eta afariak prestatzen genituen. Horrez gain, karta jokoan ere asko aritzen ginen, mus txapelketak egiten genituen eta bakailao txapelketetan ere parte hartzen genuen. Are gehiago, bakarrik joanda ere, nahikoa zen elkartera sartzea, norbaitek bere mahaira gonbidatzeko", nabarmendu du. Orain, gaineratu duenez, astean zehar ia inor ez da ibiltzen, asteburuetan bakarrik.
Garairik onenetan 290 bazkide izatera ere iritsi ziren arren, egungo kopurua ez da horren altua, nahiz eta asko diren oraindik. Edozelan ere, elkartea bizirik mantendu gura dute etorkizunera begira eta zuzendaritza batzordeko kideek gogorarazi dute bazkide berriendako lekua badutela, azkenaldian izan diren hainbat baja tarteko. Hori dela eta, bazkide izateko interesa dutenei dei egin diete haiekin harremanetan jartzeko, mezu elektroniko bat bidaliz udalpe.elkartea@gmail.com helbidera.