Ahotsik bako minak, denen begi-belarrietara

Koldo Zubia Salas 2022ko urr. 10a, 17:00

Goienako kazetari eta teknikari batzuk, lan-saio baten, Berbari Leakua-ko aholkuntza enpresako Aitziber Blancorekin.

Goiena telebistak dokumental sorta bat estreinatuko du udazken honetan: 'Biktimen ahotsak'. Lau biktimaren ahotsak jasoko ditu saio banatan; egitasmo oso baten parte dira kazetari-lan hauek; papereko euskarrietan ere argitaratuko dira.

Azken 50 urteotan, bereziki, 1980tik hona, arrazoi politikoengatik eragindako indarkerien biktimei ahotsa emango die Goienak. Hain justu ere, Debagoieneko lau biktimari. Azaroaren 10a Memoria Historikoaren Nazioarteko Eguna dela-eta lau ikus-entzunezko eskainiko ditu Goiena telebistan azaroko bigarren astean. Ikus-entzunezkoez gain, GOIENA eta Puntua aldizkarietan eta Goiena.eus-en ere eduki bereziak argitaratuko dira.

Era askotakoak

Lau biktimarekin sortu ditu Goienak ikus-entzunezkoak. Honako hauek dira: ETAk 1980ko otsailaren 8an Oñatin tiroz erail zuen Angel Astuy Oñatiko udaltzainaren seme Francisco Astuy oñatiarra; Guardia Zibilak 1982ko urriaren 16an, Gamarran, Gasteizen, kontrol baten tiroz hil zituen Victoriano Agiriano eta haren emazte Maria Angeles Barandiaran bergararren seme Iñaki Agiriano; 1984ko martxoaren 23an GALek Miarritzen atentatu baten erail zuen Xabier Perez de Arenaza –Iparraldean errefuxiatua– arrasatearraren alaba Alaitz; eta Matilde Martin, PSE-EEko zinegotzi ohi arrasatearra: 1999 eta 2007 artean zinegotzi izan zen Arrasateko Udalean, ETAren mehatxu-gutuna jaso zuten hark eta kideek –tartean, Isaias Carrascok– 2000. urtean, eta bizkartzainarekin bizi izan zen luzaroan. Bakoitzarekin ordu erdiko saioak ekoiztu ditu, eta horiek emango dira azaroan.

Esanak, gordinik

Lau ikus-entzunezkoak estetikoki eta irudien baliabideen aldetik nahiko soilak dira. Biktimak eta haien esanak dira protagonistak. Besterik ez dute. Hala nahi izan da egin. "Biktimei eurei eman nahi izan zaie protagonismoa, haiei entzutea nahi izan da, haren minak azaleratzea", dio Eneko Azkaratek, Goiena Komunikazio Taldeko edukien zuzendariak. "Ez dago musikarik, errekurtso-irudi gutxi daude, pertsona bakarra ari da hizketan...", dio Oihane Agirre Goiena telebistako zuzendariak.

'BIKTIMEN AHOTSAK' SAIOKO LAU ATALAK AZAROKO LEHEN ASTEAN EMANGO DITU GOIENA TELEBISTAK

Pertsona eta gertaera kokatzeko, informazioa, testuingurua eta adierazpenak laguntzeko, sasoiko egunkarietako errekorteak erabili dira.

Egitasmo oso bat

Biktimen ahotsak ez da saio huts bat. Egitasmo oso bat da. Hainbat euskarritarako sortutako edukiez harago, Goienako kazetari eta teknikari lantaldean txertatu den egitasmoa da. Gaiaren gaineko mintegi eta ikastaroak antolatu dira, lehenbizi, dokumentazio,lan handia egin da.

Orain argitara emango den edukia horren guztiaren zati bat da, egindako lan-prozesuaren fruitua. "Berbari Lekua izeneko gizarte eraldatze prozesuak lantzen dituen aholkularitza enpresa izan dugu bidelagun. Horren gidaritzapean ikastaroak jaso dituzte Goienako profesionalek; kontzeptuak aztertu, biktima motak identifikatu; gaiaren gainean eztabaidatu; gaiaren gaineko legeria ere aztertu da… Eta prozesu horren guztiaren ostean etorri dira biktimei hurbilketa, eta ondoren sortu dira edukiak", dio Eneko Azkaratek.

MEMORIA ETA BIKTIMEN GAIAN ADITUAK DIRENEN AHOLKULARITZA JASO DU GOIENAK

Lan zaila

Orain, lau atal sortu dira. Lau biktimari eman zaie ahotsa, nahiz eta beste askoren atea jo duen Goienak. "Arrazoi bat edo bestea tarteko, harremanak izan ditugun hainbat biktimaren senideek ez dute nahi izan testigantzak kamera aurrean eman". Duela lau hamarkadako gertaerak ez dituzte berriro gogora ekarri nahi izan, guztiz sendatu bako zauriak berriro urratu. Dena den, Goienak ez dio ukorik egiten berriro ahalegintzeari. "Neurri batean, badugu zor moduko bat. Isilpean, intimitatean, kasu askotan babesik barik, pasa dituzte minak. Askok ez nahi izan arren, haiengana hurbiltzen jarraituko dugu, haiek jasandakoa denengana hel dadin", dio Azkaratek.

Aurrera begira, Goienako lantaldeak ahaleginak egingo ditu beste biktima batzuk ere ekartzen. "Bide bat urratu dugu. Zaila izan da, baina hasi dugu. Zeinek daki, oraingoan ezetz esan diguten batzuk, akaso animatuko dira aurrerago", dio Goienako edukien zuzendariak. Lau atalak azaroko bigarren astean emango dira, 7an hasi eta eguenera arte. Egunean bat. 21:30ean eta 23:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak