Indartsu eta itxura berrituta dator Danbaka musika lehiaketa. Aspaldian itxita dagoen museoa irudikatzen duen Seminarixoan barrena murgilduko dira ikus-entzuleak eta musikariak urriaren 14tik aurrera. Euskal musikagile klasikoen koadroak izango dira presente aretoan, besteak beste, tradizioari traizio egin gabe, hogei lehiakideei harrera egiteko gertu.
Elkarlana eta baliabideak
Punta-puntako baliabide teknikoak izango dira zuzenekoa jasotzeko. Hala, Seminarixoko langileekin elkarlanean jardungo du Goienak eta zuzeneko soinuaz eta argiteriaz arduratuko dira. Gainera, Pletina Filmsek ekoiztuta, talde bakoitzaren aurkezpen bideoa eskainiko da pantailan.
Kontzertuei jarraipena
Lehiaketako kontzertu guztiak –urriak 14, urriak 28, azaroak 11, azaroak 25 eta abenduak 16, eta urtarrilaren 13ko finala– osorik eskainiko dira Goiena telebistan eta Goiena.eus-en, eta, emanaldi bakoitzaren aurretik, eguenetan, parte hartuko duten lau taldeen aurkezpen bideoak eskainiko dira. Kontzertuek eman dutenaren berri ere zabal jasoko da Hemen Debagoiena saioan, martitzenetan.
Danbakako lehen kontzertuan askotariko estiloak izango dira nagusi: Lemak bergararren pop-rocka, Ki'imak antzuolarren folka, The Clayton aramaioarren rock-and-rolla eta Jasan aretxabaletarren heavy doinuak.