Arrasatek, beste hamalau euskal udalekin batera, "aukera gutxien dituztenak laguntzea" helburu duen "proiektu berritzaile" horretan parte hartuko du. Aukerak eraikitzen deituriko programa da, DSBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) edota BGDS (Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera) jasotzen dutenentzat "gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu pilotua".
Arrasaten basoak eta naturguneak mantentzera bideratuta dago programa, eta Arrasateko Udalaren laguntzarekin egingo da. Hamar parte-hartzaileri zuzenduta dago, eta 236.512 euroko dirulaguntza emango zaio udalerriari.
Egun, iraupen luzeko 258 langabe daude Arrasaten, urtebete baino gehiago langabezian daramatenak, alegia. Profilari dagokionez, langabeen %58,9 emakumeak dira eta 30 urtetik gorakoak –%89,9k 30 eta 54 urte bitartean ditu–. Era berean, 30 eta 44 urte bitarteko adin-tartean daude langabetu gehien, bigarren mailako ikasketarik gabe –%84,9k derrigorrezko ikasketak ditu soilik–, eta familia-unitatea bi pertsonak edo gehiagok osatzen dute –%48,8 –.
Muruaren iritziz, Lanbidek emandako datu horiek "onartezinak" dira. Hori dela eta, lana bultzatzeko eragile diren plan eta programekin erakunde publikoen arteko lan koordinatua eta akordioaren garrantzia azpimarratu ditu.